Zomorro: Hainbat ornogaberi ematen zaion izena. Animalien %95a (esaterako, milloitik gora artropodo espezie daude, ornodunak berriz, 47.000 espezie inguru besterik ez)
2026/06/12
Icius hamatus armiarma jauzilari txikitxoaren "zazpi jauziak"
2026/06/10
Trichius gallicus, tantoak gustuko dituen kakalardo iletsua
2026/06/06
Micrelytra fossularum zimitza bitxiaren bertsoak
Gorputz luzea deritzat
hegoak ditut murritzak
Landare-izerdia xurgatzea dut
nik ezaugarritzat
kontaukotzuet bizitza
fama txarra dut desditxa
ohiko banpiro batzuek ere
dira-eta zimitzak
Enborra dut berezia
Marra beltzez ta horiaz
hankak handi ederrak eta
naiz ipurtandia
antenak ere bitxiak
ematen dute kabliak
Norbait nirekin topatuz gero
Extraterrestria
2026/06/03
Krisomelido laranjaren (Exosoma lusitanicum) bataio ustekabea
Hasiera gehienetan bezala, ilusioz betea dago. Linneo espezieen izendapen zientifikoarekin hasi zenean kakalardoen taldea albo batera utzi zuen. Oso erabaki logikoa eta ulergarria, noski. Izan ere, koleopteroena da askogatik bizidun-talderik handiena eta konplexuena. Horregatik, ia 50 urte geroago, Martin Jacoby entomologo alemaniarra krisomelidoak sailkatu eta izendatzera ausartu denean, lan eskerga dago oraindik egin gabe.
Erronka-zalea ere bada. Nola bestela bibolinjole bikaina izatera iritsi da bada. Dagoeneko 200 espezietik gora "bataiatu" ditu izen zientifiko batekin, baina azkenaldian txakalaldi batean sartu da, eta zailtasun handiak ditu bere asmo handiko proiektua aurrera ateratzeko. Batez ere izena aukeratzeko garaian, apur bat gogaikarria egiten ari zaio. Eta hori gutxi balitz, orkestran jotzeko kontratatu berri dute.
Horregatik, azkenaldi honetan, buruhauste handirik gabe aurrera egitea erabaki du. Azken batean izen bat besterik ez da, eta ez du zertan bere ezaugarri bati egokitu behar. Baldintza bakarra da hizkuntza klasikoetakoa izan behar dela. Zitologiako liburu bat hartu du, eta bertan hainbat izen agertu zaizkio gehienak oso aproposak bere intereserako. Esaterako, mitokondrioa oso esanguratsua denez baztertu egin du, baina endosoma? ... edo oraindik hobeto: exosoma??
Jacobyk argi dauka: krisomelido laranja Exosoma izango da.
2026/06/01
Merrifeldia leucodactyla, luma-tximeleta ludopataren azken aukera
Merrifeldek oraingoan lurra jo du. Erabat etsita dago. Azken partidan ezkterreko hegoaren zati nabarmen bat galdu du. Apustu segurua zuen: Errege eta zaldien dupleak. Arerioak laugarren erregea erakutsi zionean kolpe itzela jaso zuen.
Aspaldi-aspalditik ludopata izaki, hainbat eta hainbatetan saiatu bada jokua uzten, beste hainbestetan aurkitu du aitzaki bat itzultzeko. Azken porrot honekin, ordea, oso kinka larrian geratu da. Ezker-hegoan apenas bi milimetroko zabalera duen luzera besterik ez dauka, eta eskuinekoan zertxobait gehiago bai, baina antzeko.
Horrela, jada ezin du fundametuzko hegaldirik egin. Zulo beltz baten sakonean murgilduta eman ditu hiruzpalau egun, burua altxa ezinik. Baina azkenean bizitza gailendu da. Ez du behin betiko desagertu nahi. Eboluzioarengana jo du. Eta horrek, inolako itzulingururik eta kupidarik gabe aurpegiratu dio bere itxura tamalgarria eta azken-azken aukera duela zin egin dio. Azkena ezik beste guztiak agortu ditu dagoeneko.
Merrifeldek umilki jaso du eboluzioaren errieta kupidagabea eta aitzakirik gabe onartu ere proposatu dion txoko ekologiko berria: Hemendik aurrera makiltxo edo belar batekin mimetizaturik eta hegaldi laburrak egiten bizi beharko du.
2026/05/23
Oedemera nobilis, "Popeye" kakalardoa
2026/05/21
Centrotus cornutus "deabrutxoaren" aldaketa
2026/05/15
Cerambyx scopolii Kaprikornio txikiaren dilema
Zer dira nireak?
antenak ala adarrak?
Bigarrenak badira
martzianoak eta gu bakarrak
Zer dira nireak?
adarrak ala antenak?
Argi legoke bagina
oreina ala zezena
Zer dira gureak?
antenak ala adarrak?
Lehenengoak modernoak
bigarrenak berriz zaharrak
Zer dira nireak?
adarrak ala antenak?
Bigarrena oraingoan
funtzioa izanik usaimena
Zer dira gureak?
antenak ala adarrak?
estikokoki akaso
aurrena pixkat zatarra
Zer dira nireak?
adarrak ala antenak?
Ai ama zelako zalantza
hobe ahaztea hau dena
2026/05/14
Camponotus cruentatus Europako inurri erraldoia
E, e , Erraldoi
2026/05/09
Messor inurriaren beste balentria bat
Ez bilatu, ez. Oraingoan ez dago zomorrorik. Argazkiko egitura Afrikako dokumentaletan sarritan agertzen diren termitategi ikusgarri horien antza dauka, baina ez, ez da hori. Hamar zentimetro inguru besterik ez ditu-eta. Korrika eta presaka nihoanez argazkia atera nuen, eta, gero etxean "Google" jakintsuari galdetu nion. Erantzuna zur eta lur utzi ninduen. Batetik egilea ezaguna nuelako. Duela gutxi blog honetan sarreratxo bat egin nion eta guzti, Messor izeneko inurriari dagokiona. Eta bestetik, oraindik harrigarriagoa dena, aireztapen-tximinia edo zutabe bat da. Flipantea!!. Inurrien indarra eta ahalmena zernolakoa den jakin banekien noski, baina inurritxo baten garun mikroskopikoak inurritegia aireztatzeko horrelako azpiegitura bat diseinatzea ikaragarria iruditzen zait.
Hori ikusita, gure garunaren ehuneko txiki bat besterik ez dugula erabiltzen dioten hori agian ez da horren tontakeria izango.
2026/05/06
Trichodes alveariusen mimetismo batesiarra edo beti gezurretan ibili beharraren estresa
Trichodes kakalardoak buztangorria berarengana hurbiltzen ikusi du eta, mokokatua izan baino
lehen oihu egin dio bere indar guztiarekin.
- Baina, erotu egin al zara, ala?
Txori gosetiak guztiz harriturik erasoa geratu du badaezpada ere.
- Baina zuk ez duzu ongi ikusten, ala?- Jarraitu du hasierako haserre-tonuari eutsiz.
- Zer ikusi behar dut bada?
- Aiba laletxe!! Ba nire koloreak!!!
- Gorria eta urdina??
- Bai, horiek berak. Eta zer iruditzen zaizkizu koloreok?
- Oso politak dira. Gustuko ditut.
- Ados, milesker. Baina pentsatu pixkat, faborez. Zergatik uste duzu horrelako kolore deigarriak janzten ditudala?
- Mmmmm … Oso pertxenta zarelako?? Ez da nire kasua, baina txorien artean ere badira batzuk asko apaintzen direnak.
- Bada nirea ezta ere.
- Orduan? Barkatu, baina ez zait okurritzen.
- Orduan hau da daukagun modua zuoi, intsektujaleoi, pozoitsuak garela abisatzeko, eta kasurik egin ezean eta janez gero, gutxienez astebeteko tripako mina bermatzen dizut.
- Eta gehienez?
- Litekeena da zureak egitea.
- Joño, broma gutxi, gero.
- Hala da, bai.
- Eta nola dakit nik benetan ari zaren ala ez ote zaren gezurretan, handituskelkerietan?
- Galdera ona. Baina zuk uste duzu milaka eta milaka urteko eboluzioa eta arrakasta handitustelkeriz aritzeko moduan dela.
Azken argudio horrek gure hegazti gaztea pentsakor utzi du. Azkenean zuhurki jokatzea erabaki du.
Galdutako denboraz gogaiturik agur esan gabe alde egin du.
Gure kakalardoak, berriz, minutu pare bat behar izan ditu sustoaz berreskuratzeko eta
gero hasperen luze bat egin du.
Hori bai, are eta argiago dauka, zernolako txoriburu-belaunaldia datorren ikusita,
batesiar mimetismoarendako garai txarrak datozela eta mimetismo arruntarekin
konformatu izan balitz agian lasaiago biziko zela.
2026/04/28
Paboi handiaren (Saturnia pyri) apuruak
2026/04/21
Celastrina argiolus, puntuak komekin ordezkatu dituen lizienido aldrebes samarra
Gu lizienidoen familiako Celastrina argiolus deritzon tximeleta bikote bat gara, Celastrina izena gorostiaren grezierazko izenatik dator, izan ere, beldarrak garenean, gorostiaren hostoez elikatzen gara gehienbat, aizu, eta gure izenaren inguruan beste argibide bat, "C" hizkiarekin idazten bada ere, kontuan izan "K" fonema ahozkatu behar dugula, hau da, "kelastrina", eta ez "zelastrina", zuetako gehienek egin ohi duzuen bezala, eta bukatzeko, dagoeneko konturatuko zinaten bezala, puntuak ez ditugu oso gustoko, txikitxo gutxi batzuk baditugu ere, nahiago ditugu komak, eta hain zuzen ere, horixe beran fijatu behar zarete gainontzeko lizinienidoetatik bereizteko, hegoaren kanpoko aldearen ertzean kokatzen den komatxo-ilara horretan, eta horrek ere baldintzatzen du gure hizkuntzan punturik ez izatea, eta jakin badakigu dena jarraia izatearena, hasiera batean neketsua izan daitekeela, baina ia guztiarekin bezala, azken batean, denetara ohitzen gara
2026/04/18
Ischnura elegans, kalekumea bihurtu den txitxi-burruntziaren bertsoak
2026/04/14
Messor, Zeresi zekalearen uztarekin laguntzen dion jainkoa eta inurria
Egia esaten badizuet Linneo horrek nire izena jarri zienean inurri arrunt eta sinple batzuei ez zidan grazia handirik egin. Burutik kendu ezinik nagusiarengana, alegia, Zeresengana, jo nuen iritzi eske. Berak bere horretan uzteko aholkatu zidan. Izan ere, ordurako fede-krisiaren lehen zantzuak aurrikusten ziren, eta hobe inurri bat izatea behin betirako ahaztua izatea baino. Orain, bi mende eta erdi eta gero, argi daukat bete-betean asmatu zuela, eta are gehiago gaur egungo nekazaritza zertan den ikusita. Helburu bakarrak ekoizpena eta errentagarritasuna dira. Aitzitik, gauzak ongi, txukun eta modu jasangarrian egiteak ez du jada ezertarako balio. Dena agrokimikoen eta makinaria handiaren menpe dago, eta nago transgenikoak ere laister batean erabat nagusi izango ditugula. Dagoeneko herri txikietan apenas geratzen dira nekazariak, eta dauden apur horiek aipatutako merkatuaren tranpan erori dira.
Horregatik, ikusten ditudanean nire izena daramaten inurritxoak duela hainbat milioi urte bezain humilki, baina era berean temati ere, zekaleen haziak biltzen eta euren inurritegietan pilatzen harrotasuna eta morala igotzen zaizkit, eta, garai batean bezala nekazariek beraien landareak berriro maitasunez landatu eta zainduko dituztela amesteko aukera ematen didate.
2026/04/12
Antzekoaren antzekoa izatearen gauza gogaikarria
Ez da bat ere juxtua baina hala da bai. Izan ere, gu kakalardook errinozeroak baino askoz gehiago daramagu planeta honetan. Hortaz logikoena guri izen originala egokitzea eta ondorengoari, horrela behar izanez gero, bigarren izen bat gehitzea izango litzateke. Baina argi dago hemen irizpidea ez da logikoena, gizakiaren antzekoa (edo antzekoagoa) izatea baizik, eta errinozeroak ugaztunak direnez, guri errinozero-kakalardoa izatea tokatzen zaigu.
Baina horrekin ere ez da nahikoa. Zeren gure kasuan bezala, baldin badago beste kakalardo mota bat gu baino antzekoagoa dena (Oryctes nasicornis delakoa), horri egokituko zaio antzekoa izatearen “zortea”, eta guri berriz, antzekoaren antzekoaren izanik, bada bigarren abizen bat erantsi eta izorrai !!
Hau da, gu errinozero-kakalardo zimaurjaleak (Copris hispanus) gara, alajaina!!
2026/04/09
Apaiztxoaren (Berberomeloe majalis) fede-krisia
Apaiztxoak ez daki zer demontre gertatzen ari zaion. Apaiztegian emandako denborak oso luze jo du. Gustura egon da hala ere. Egunetik egunera bere fedea erabat zintzoa eta benetazkoa dela ziurtatu du, eta gogo biziz ekin dio prestakuntzari. Baina orain apaiz ordenatu eta sotana janztearekin batera beherakada etorri zaio tupustean. Eta okerrena, ez daki zergatik den. Horregatik, gaixorik dagoelaren aitzakiarekin bidaiatzeari ekin dio.
Orduan ezagutu du benetako bizitza: harremanak eta bere argi-ilunak. Eta orduan ezagutu du ere bere burua, eta ustekabe galanta harrapatu du emea dela jakitean.
Apaiztxoa ez zen inoiz agertu zegokion elizbarrutian. Urrutira aldegin zuen. Gaur egun, substantzia arriskutsuen kamioilaria da.
Berberomeloe majalis (gaztelaniaz: Curilla, aceitera…), ez badu ematen ere, koleoptero bat da. Emeak oso handiak dira eta sabelaldean milloika arraultza dituzte. Espezie honetan hipermetamorfosia ematen da, heldua izan baino lehen hainbat metamorfosi izaten dira. Xingola gorri edo laranjek bere toxikotasunaz abisatzen dute, izan ere kantaridina izeneko substantzia besikantea dauka defentsarako.
2026/04/07
Monomorium pharaonis, Linneok erlijioarekin izan zuen hutsa
Linneo oso gizon fededuna zen. Horregatik ez zuen eboluzioaren-teoria sortu. Izan ere, izaki bizidunak izendatzeko sortutako “Sistema naturae” delakoak sailkapen filogenetiko bat egiten du inplizituki, eta hortik eboluzioaren teoriara Darwinek urte batzuk geroago emandako urrats edo jauzitxo bat besterik ez zuen izan.
Baina erlijio-kontuetan ere ez zuen erabat asmatu. Antza denez, "pharaonis" izen-lagunak itun zaharreko Egiptoko izurriteei dagokie. Bada Moises-ek Egiptoko herriari ezarritako hamar izurrien artean baziren hainbat animali: igelak, zorriak, euliak eta otiak kasu, inurririk ez ordea.
Okurritzen zait Linneo jaiotzez suediarra bazen ere, euskal arbasoren bat ere izatea, eta hori dela-eta inurria eta izurria nahastu egin zituen.
2026/04/05
Sikarioaren (Loxosceles rufescens) bizitza-aldaketa
Loxos sikario bat da. Bere bizitzan zehar hainbat lagun garbitu ditu inolako kupidarik gabe. Azken enkarguan ordea plana erabat okertu eta zauritu egin zuten larriki buruan. Normalena bertan odolustu eta hiltzea izango zen, baina ohi ez bezala, bere lagun minak salbatu egin zuen. Ezkutaleku sekretu batean denbora luze eman du. Begi bat galdu duen arren beste guztia bide onetik dihoala ematen du. Bestela ere, geldialdia oso ongi etorri zaio behingoatik bere bizimoduaz gogoeta egiteko. Argi dauka ez duela jarraitu nahi. Erakundea behin betiko uzteko erabaki irmoa hartu du. Bere lagun minari azken mesedea eskatu dio: Herrialdetik atera eta urrutiko beste batera eramatea, bizitza berri bat eraikitzeko, biolentziatik at.
_______
Izkina baten, bibolin-jole bat dago. Betaurreko ilunak ditu. Nabari da hasiberria dela musikan. Halako batean, emakume gazte bat parean geratu zaio. Ezin du bere harridura disimulatu. Izan ere, tarteka afinatuta ateratzen diren noten jatorria nahastezina da: Stradivarius bat. Nolatan izan dezake kaleko musikari batek horrelakorik? Orduan bibolinjoleak jotzeari utzi eta betaurreko ilunak erantzi ditu. Neskatoari bere begi bakarrez bota dion begirada betiko iltzatu zaio bihotzean.
✳Loxosceles rufescens sikaridoen familiako armiarma bat da. Ziztada mingarria du eta hori dela-eta Europako armiarmik arriskutsuenetarikoa bera da. Bizkarrean bibolin baten antzeko marrazki bat du. Beste ezaugarrietako bat da, araknidoen ohiko zortzi begiren beharrean sei besterik ez dituela.
2026/04/04
Kakalardo marroiaren (Serica brunnea) Poulidor efektua
Poulidorrek ez zuen lortu lasterketa handirik irabaztea. Historiara pasatu zen ordea, hain justu horregatik; hainbatetan bigarren eta hirugarren postua lortu zuen txirrindularia izan zelako. Eta ordudanik, beti irabaztetik gertu egotea, baina garaipena inoiz lortzen ez denean poulidor efektua esaten zaio.
Bada horren antzera ibiltzen da gure argazkiko Serica brunnea espezieko kakalardoa.
Batetik, beti melolontidoen familiako erregea den Korroska (Melolontha melolontha) deritzon kakalardo handia eta ederrarekin lehiatu behar duelako. Jendeak askotan nahastu egiten ditu bi espezieak baina beti korroska edo erderazko “escarabajo sanjuanero” gailentzen direlarik. Bestetik, egokitu zaion izena ere ez da ezerren apartekoa: Kakalardo marroia. Hau da, sinpleenen artean sinpleena.
Poulidorrera itzuliz, esan beharra dago zaletuen artean oso estimatua zela. Izan ere, porrot guztien gaindi bera oso umore onez agertzen zen beti, eta bere garaiko izarrak ez bezala oso tipo hurbila eta atsegina zen.
Txirrindulari saiatua eta jatorraren antzera gure kakalardoa ere entomologo eta zomorrozaleen artean oso ongi ikusia dagoela iruditzen zait, eta pozik hartzen ditugu udaberriro izan ohi duen eklosio ugariak.
2026/03/26
Milazangoa (Ommatoiulus rutilans) eta beldarraren ipuina
Bazen behin beldar batez maitemindu zen milazango bat. Beste milazangoek esaten zioten behin eta berriro erokeri galanta zela eta harremanak ez zeukala bat ere etorkizunik. Baina maitasuna itsua eta gorra izateaz gain egoskorra eta tematia ere badenez gure bikoteak eutsi egin zion maitasunari. Eta are gehiago, “Ohe berean lo egiten dutenak, izaera bera hartzen dutela” esaera zaharrari eutsiz gure bi maitaleak ere geroz eta antza gehiago hasi ziren hartzen. Eta horrela, milazangoak bere gorputza laburtzea eta loditzea lortu zuen. Milazango mozkote bat ematen zuen orain. Beldarra txora-txora eginda zegoen bikotekideak eskuratu berri zuen edertasunarekin. Asteak igaro ziren biak goxo-goxo, amets batean murgildurik. Baina egun batean, aurretik inolako abisurik egon gabe, beldarra adar batean zintzillikatu eta bere gorpuzkera zeharo aldatzen hasi zen, zorro itsusi batean bihurtu arte. Milazango gaixoa zur eta lur zegoen. Ezin zuen ulertu gertatutakoa. Tarteka zintzilikarioan dardar moduko bat somatzen zuenez, ez zen guztiz etsi. Inguruan geratzea erabaki zuen. Handik egun batzuetara zorroa apurtu eta poliki-poliki izaki arraro bat atera zen bertatik, antenak, begi handiak, gorputz iletsua eta sei hanka zituena. Baina ikusgarriena etortzear zegoen: pixkanaka-pixkanaka gainean zituen toles batzuk zabaltzen hasi ziren, eta zabaltzen jarraitu zuten lau hego ederretan bilakatu arte. Milazangoa erabat txundituta zegoen. Eta tximeleta bera, ere bai. Biek ulertu zuten: aurrekoa nahiko erokeria bazen jada, oraingo honetan harremanarekin jarraitzea ezinezkoa zen. Azken musua eman zioten elkarri. Tximeleta hegaldatu egin zen airean zegoen feromona-arrasto bati ezin eutsiz. Milazangoa bertan geratu zen, triste baina lasai. Izan ere, egun hauetan frogatu ahal izan duenez bere itxura berriarekin harrapariek kasu gutxiago egiten diote, ziur oraindik beldar batekin nahasten dutelako.
2026/03/23
Blaps lusitanica, fundamentu askorik gabe fama txarra egokitutako kakalardoa
hurblitzen bazaizu
ikutzen bazaitu
susto ederra emango dizu
zoritxarra ekarko dizu
Blaps generoa kakalardo tenebrionido handi batzuk izendatzen ditu. Izena antzinako grezieratik dator eta "kaltetu" edo "eragotzi" adierazten du. Fabricius entomologoak izen hori jarri zion garai horretan askotan etxeko sotoetan topatzen ziren kakalardo hauek kaltegarriak edoeta zoritxarrekoak zirela uste zutelako.
Portzierto, esker mila Amaiari argazkia ateratzeagatik.
2026/03/21
Valeriaren nerabezaro konplikatua
Valeria jada nekatu da azalkeriaz. Orain arte berak eskatu duen guztia eta gehiago eman diote inolako zalantza eta trabarik gabe. Izan ere bere gurasoak Olinpoko jainkoak dira. Baina orain nerabezaroarekin bere gorputza aldatzen ari den bezala bere burua ere eraldatuz doa. Gauzekin, jostailuekin, era guztietako gailu elektronikoekin aspertu egin da. Drogekin ere hasi da, eta sexuarekin. Baina horiekin ere muga jo eta ez du lortu asebetetzea. Gurasoei ere egoerak gainezka egin die. Etsituta erabat Zeusi berari laguntza eskatzen diote. Orduan, Zeusek gazte parrandazale baten itxura hartu eta Valeria edaten eta dantzatzen ari den Pub-ean agertzen da. Valeria soineko berde ikusgarri bat jantzita pistako erregina da eta berarekin ligatu nahi duten gizon andan bat du inguruan. Zeus gazteak, majo kostata, baina azkenean lortu du berarengana hurbiltzea. Parez pare dantzan hasi dira biak. Zeus gero eta beroago dago, eta bere onetik irtenda musu ematen dio, Valeria ere animatuko delakoan erabat sinetsita. Baina emakumeak ematen dion zaplastekoa musikaren gainetik ere entzun ahal izan da. Zeusek mina du masailean, baina are gehiago bere urguiluan. Mendeku-grinaz itsuturik Valeria gaixoa sits eder batean bihurtu du.
2026/03/14
Kolibri-esfingea, iluntasunaren beldur zen gaueko tximeleta
Gogoan dut txikitan “Iluntasunaren beldur zen hontza” izeneko liburu ederra irakurri nuela. Suposatzen dut horrelako zeozer gertatuko zitzaiola atzo lehioko iazintoetara etorri zitzaigun bisitariari. Esfingeen familiakoa da. Esfingea jatorriz emakume-burua eta lehoi-gorputza duen greziar mitologiako pertsonaia gaiztoa eta zitala da. Egiptoarrek sexua aldatu zioten, eta horren adibide, hain famatua den Gizako esfingea dugu. Familia honetako beldarrak oso handiak dira eta atzealdean arantza edo adar moduko apendize bat dute. Atsedenean daudenean burua hondoratu eta aurrealdea altxatzen dute esfingeen antzera-edo. Nik egia esan, ez dut oso garbi ikusten, baina tira.
Esfingido guztiek ez diote utzi gautiarrak izateari. Are gehiago, honatx gure tximeleta beldurtiak oraindik gauekoa zelarik bere bizitza-aldaketa eskatzera “eboluzioarengana” joan zenean izandako elakarrizketa:
- Baina nola okurritu zaizu horrelako bidegabekeririk!! Eta zertaz elikatuko zara, jakin badaiteke?
- Bada polenaz, eguneko tximeletak bezala.
- Baina ez zara konturatzen zuek gauekoak askoz astunagoak zaretela eta lore gehien-gehienek ez diotela zure pisuari eutsiko??
- Bai badakit. Horretan ere pentsatu dut. Zuk utzidazu aldaketa txiki batzuk egiten eta ikusiko duzu.
- Aldaketa txiki batzuk?? Ai ama, zelako beldurra …
- Lasai, ikusiko duzu ez dela hainbesterako. Nire plana airetik elikatzea da, hau da, lorean pausatu gabe. Horretarako tamaina zertxobait txikitzea, hegoetako giharrak are gehiago sendotzea eta proboszidea, hau bai, dexente luzatzearekin nahikoa izango dudala uste dut.
- Tira, hori besterik ez bada, ados. Baina hori bai, aukera bakarra izango duzu eta bideragarria ez bada, ez dizut berriro lagunduko eta betiko iraungiko zara.
Eta funtzionatu zuen. Linneok “Mingain handia” (Macroglossum) izenaz bataiatu zuen. Izen arruntarako ordea, bere hegaldia bizian erreparatutako kolibri esfingea gailendu zen, eta horrekin ez zen oso konforme geratu. Izan ere, gure tximeletaren aburuz kolibriak agertu zirenerako beraiek lore pila-pila bat polinizatuta zuten dagoeneko eta helegite bat eta guzti aurkeztu zuen izen bikoitza kolibriari egokitzeko ... baina hori beste ipuintxo bat da.
2026/03/12
Nemapogon bikotearen koitus interruptusa
Gure sitsak Itsasederreko presiotik ihesean Urbisuko herriraino iritsi dira paparazzietatik ihesi. Ematen du Urbisu herrixka txikia eta erabat lasaia dela. Hori da hain juxtu behar dutena. Euren abentura sonatua izan oso. Batetik Nema, gaur modan dagoen artista eta Tineidae familian izugarrizko ospea lortu duena gaueko "showetan". Eta bestetik Pogon, punta-puntako kirolaria bera, eta beldarrendako idolo bat baino gehiago bihurtu dena.
2026/03/08
Pholcus phalengioides, soto-armiarmaren bertsoak
Soto-armiarmaren bertsoak
Gelako izkina baten
zetazko aztarna
eta etxeko andreak
oihu eta alarma
lasai egon zaitezke
naiz soto-armiarma
Zortzi hanka luzekin
zail dut bada xarma
Hortxe nago geldirik
dirudit harria
orduak eta orduak
pentsatzen jarria
eltxoren bat tarteka
nire bazkaria
nire existentzia ez da
oso hunkigarria
Hiru-lau urte pasata
banoa eme bila
hurbiltzen naiz poliki
eta erabat umila
tori espermateka
polit hori esker mila
ni janda agur nire
bizitza isila





.jpg)











