2025/07/30

Pipa-kakalardoaren (Iberodorcadion fuliginator) ipuina

Bazen behin inoiz egon den kakalardorik ederrena, kolore biziz eta marrak eta puntuak konbinaturiko diseinu bitxia zeukan. Baina hain ederra izanik entomologo guztiek eta entomologoak ez zirenak ere ale bat nahi zuten bere bildumarako. Eta hainbeste harrapatu zituzten desagertzeko zorian egotera iritsi zela. Eskerrak juxtu egoera itzuliezina bilakatu behar zenean, azken kakalardoak toki izkutu batean biltzea lortu zuten. Hainbat egunetan era guztietako ideiak plazaratu eta gero, haietako bati ideia bikaina bururatu zitzaion: euren galzoria ziren elitro ederrak ekilorearen pipen azalekin ordezkatzea. Eta funtzionatu zuen. Izan ere, kakalardoek interes guztia galdu zuten eta poliki-poliki euren kopurua emendatuz joan zen.
Gaur egun pipa-kakalardoa (Iberodorcadion fuliginator) arrunta ez bada ere, nahiko ugaria da, eta garai bateko edertasunik ez badu ere, bere xarma baduela zalantza-izpirik ez dago. Eta hau bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Urbisuko plazan

2025/07/23

Ingelesek alfonbra txikia deitzen duten geometridoa

Oraingo honetan ere beste bisitari dotore bat etorri zaigu etxera. Bere izen zientifikoa Idaea rusticata da eta antza denez, ingelesek bakarrik bataiatu omen dute least carpet izenarekin. Tximeletaxo hauek pausatzen direnean zapal-zapal geratzen dira eta egia da euren gainaldeko diseinuak etxeko alfonbrenak izan zitezkeela. Bestalde, familiari ematen zaion geometrido izenak ere bere grazia badauka. Euskaraz lur-neurtzailea litzateke, eta beldarrek duten ibilkerari dagokio. Izan ere, distantzia txiki bat neurtzeko arra beteak (palmoak) erabiltzen dugun eskuaren mugimenduarekin bat dator. Jakin dudanez beldarra huntzaz elikatzen da.
Beraz, gaztetan huntzak neurtzen eta nagusitan alfombrarena egiten, egia da denetarik dagoela munduan.

2025/07/18

Cydalima perspectalis edo ezpelarenak egin du

Lehengo eguneko bisitari horrek sentimendu samin-gozoak sortzen dizkit. Batetik, ederra da eta diseinu erakargarria eta originala duelako, bestetik, badakidalako tximeleta hauskor eta zintzo horren atzetik ezpelak suntsitzen dituen beldar kupidagabe bat dagoela. Jatorriz Asiakoa da. 2007an Alemannia eta Herbereetara iritsi zen Txinako ezpel batzuekin batera, eta harrezkeroztik etengabe zabaltzen ari da, modu geldiezinean. Izan ere, beldarrak ezpelaren alkaloide toxikoak bere baitan metatzen ditu, erabat pozoitsu bihurtuz. Predatzailerik ez du bat ere. Ez dago ezer egiterik. Tximeleten inguruan hainbat ikerketa egiten dituen Yerai Monasteriok esan zidan ezpelaren aukera bakarra haziak biltzea eta gordetzea dela. Cydalimek Europako ezpel guztiekin akabatzen dutenean orduan eurak ere desagertuko baitira. Gaztelaniaz esaten den, "muerto el perro, se acaba la rabia"... bada horixe bera.

2025/07/16

Arkanbele emearen oporrak

Arkanbelea (Lucanus cervus) Europako itsekturik astunena da. Argazkikoa eme bat da. Natura askotan ematen den bezala emeak diskretuagoak dira arrak baino. Arrak zertxobait handiagoak izateaz gain matxarda izugarri handiak dituzte, ugaltzeko garaian beste arerioekin burrukatzeko erabiltzen dituzte orein arren antzera. Horregatik, Linneok Lukano, Italia hegoaldeko antzinako herrialde sutsua eta oreinaren izenarekin bataiatu zuen. Euskarazko izena magikoagoa da eta politagoa iruditzen zait. Gure argazkiko emea arren burrukez eta gehigikeriez kokoteraino eginda, Kanpezuko igerilekura etorri da ihesi deskonektatzera, hainbeste testosterona eta hainbeste tontakeri ere akigarriak baitira oso.

2025/07/04

Apatura iliaren depresioa

Lehengo egunean Kanpezuko piszinetako tabernan geundela bisitari eder hori izan genuen. Apatura ilia du izena eta irisazioz lortzen duen urdin bizi hori ederra bezain arraroa da naturan. Duela urte gutxira arte oso eskasa baldin bazen ere, gaur egun badirudi dexente zabaldu dela. Ilia izena, beste tximeleta askori egokitu zaien bezala, mitologia klasikoan du bere jatorria. Izan ere, Ilia Romulo eta Remo bikien ama da. Hori bai, hasiera batean erregearen aginduz Vesta jainkosaren emakumezko apaiza izatera behartuta egon zen, baina Marte jainkoa bere amets batean agertu eta bortxatu eta gero, bikien haurdun gelditu zen. Erregea biziki haserretu zen eta heriotzera zigortu zituen ama-semeak. Borreroak ordea, jaioberriez errukiturik, umeak saski batean sartu eta ibaian utzi zituen. Ilia ama ibaian ito behar zuenean Tiber jainkoak berak salbatu eta berarekin ezkondu zen. Argazkiko Ilia ikusita esango nuke harreman hau ere ez dihoala oso ongi, izan ere tabernaz taberna eta era guztietako substantziekin burua galdu samar dabilela argi baitago.