Oraingo honetan ere beste bisitari dotore bat etorri zaigu etxera. Bere izen zientifikoa Idaea rusticata da eta antza denez, ingelesek bakarrik bataiatu omen dute least carpet izenarekin. Tximeletaxo hauek pausatzen direnean zapal-zapal geratzen dira eta egia da euren gainaldeko diseinuak etxeko alfonbrenak izan zitezkeela.
Bestalde, familiari ematen zaion geometrido izenak ere bere grazia badauka. Euskaraz lur-neurtzailea litzateke, eta beldarrek duten ibilkerari dagokio. Izan ere, distantzia txiki bat neurtzeko arra beteak (palmoak) erabiltzen dugun eskuaren mugimenduarekin bat dator.
Jakin dudanez beldarra huntzaz elikatzen da.
Beraz, gaztetan huntzak neurtzen eta nagusitan alfombrarena egiten, egia da denetarik dagoela munduan.

No hay comentarios:
Publicar un comentario