Zomorro: Hainbat ornogaberi ematen zaion izena. Animalien %95a (esaterako, milloitik gora artropodo espezie daude, ornodunak berriz, 47.000 espezie inguru besterik ez)
2026/01/24
Leptoglossus occidentalis, mundu guztira zabaldu den zimitz "yankia"
Duela egun gutxi batzuk, nire ikaslea den Arriet (jator-jatorra, porzierto, eta etorkizunean zientzialari bikaina izango dena, ziur naiz) zimitz handi eta arraro honekin etorri zitzaidan. Ilusio handia egin zidan, izan ere, aspalditik nenbilen hemen argitaratzeko zerbaiten bila, baina negu gorrian gaudenez zomorro gehienak operatiboa ez den beste egoera batean daude. Horregatik ere harritu egin ninduen.
Momentu horretan denborarik ez nuenez, hutsik zegoen laborategiko plastikozko paperontzia batean utzi nuen. Handik bi edo hiru egunera berriro Arriet zimitzarengatik interesatu zenean konturatu nintzen erabat ahaztu zitzaidala. Korrika batean laborategira joan nintzen, eta bai, oraindik bizirik zegoen. Hori bai, nahiko makaltuta gaixoa. Laborategiko harlauza batean bertan argazkia atera nion, eta lehio-hegian askatu nuen. Hori bai, itxaropen handirik gabe eta erru-sentimendu batez ukituta.
Gerora argazkia google ahaltsuari galdetuta, beste sorpresa bat hartu nuen. Espezie inbaditzaile bat da. Beste bat, bai. Eta gainera yankia, a zer kasualitatea, Groenlandiakoarekin.
Pinuaren amerikar zimitza dugu oraingoan. Jatorriz Ipar amerikako mendebaldekoa. Cow-boy bat. Baina globalizazioaren laguntzaz munduan barrena etengabe zabaltzen ari da eta 1999tik Europan dugu. Pinuen pinaburuez elikatzen da, eta antza, pinazien ekoizpenean galera ikaragarriak izaten ari dira, % 80-koak edo. Bestela, zimitz guztiekin badaezpada ere kontuz ibili behar badugu ere, zimitz gehienak bezalaxe hau ere ez da bereziki ziztatzailea, beraz alde horretatik lasai.
Badirudi, aspalditxotik gurekin badaude ere, oraindik despistatu-samar dabiltzala, baina tira yankia izanik, edozer gauza.
Niri dagokidanez hori guztia jakiteak dexente arindu ninduen hasiera batean zimitza gaixoaz ahazteagatik harrapatutako erru-sentimendua. Tira ...
Suscribirse a:
Entradas (Atom)