2025/11/23

Protaetia morio zetonido beltzaren madarikazioa

Fabricius entomologo daniarrak aurkitu berri duen kakalardo beltzarendako izen baten bila ari da. Zetonido bat da, Cetonia aurata ezagunaren familia berekoa. Aspaldi honetan espezie berri dexente aurkitzen ari da eta horiendako izen berriak asmatzeko irudimena agortzen ari zaio. Halako batean cetonia hitzarekin anagramak egitea okurritu zaio: tonicea, aniceto, nicetoa,netocia ... netocia errepikatu du polikiago. Bai, Netocia izango da. Fabricius harro dago beste behin ere erakutsitako baliabideengatik. Baina Fabriciusek ez dakiena da, gure kakalardo gaixoari izen hori jartzean izugarrizko dislexia eragin ziola, eta, esaten zituen hitz gehienak alderantziz botatzen zituen, eta, askotan hainbat kupidagabeen barre algarak eragiten zituela. Esaterako, hainbestetan erabili behar zuen kakalardo hitzaren ordez kalakardo edo lakakardo ateratzen zitzaion. Netocia gaixoa hainbeste akonplejatu egin zen, harremantzeari uko egin ziola eta guzti. Urteak igaro ziren bere berririk izan gabe. Orduan kakalardo bihurri batzuei Netocia berriro gizarteratzeko eta berataz trufatzen jarraitzeko kakalardoen ordenaren ordezkari gorena izateko hautatzea okurritu zitzaien. Hasieran broma bat bezala hasi zena indarra hartu zuen, eta pronostiko guztien gaindi Netociak irabazi zuen. Orduan denek itxarotutako monentua iritsi zen: inbestidura-diskurtsoa. Netocia urduri zen oso. Okerrenaren beldur zen. Halako batean, adorea bereganatu eta hitzegiten hasi zen. Eta ez zen ezta behin ere nahastu. Denak harrituta zeuden, eta harrituena, Netocia bera noski. Zer demontre gertatu zen bada? Ikerketa genetikoak hasi zirenean, aurretik jarritako taxoi asko eta asko ez zetozela bat konturatu ziren. Zorionez gure Netociarena ere horrela suertatu zen eta genero berria egokitu zioten: Protaetia. Eta izen hori askoz itsusiagoa bazen ere, antza dislexiaren madarikazioa behin betiko eteteak ekarri zion.

2025/11/19

Leuctra fusca (harri-eulia edo "pitillo") plekopteroaren bizitza-aldaketa

Paleozenoaren erdian gaude. Eboluzioak lan handia izan du gaur. Artropodoek, eta bereziki intsektuek, izugarrizko eztanda egin dute eta espezie berri pila bat sortzen ari da. Hortaz, nekatuta dagoenez, atsedenalditxo bat egitea erabaki du. Zigarrotxo bat biltzen hasi da, baina hainbeste bitxoren artean, erle txiki bat tartekatu zaio tabakoaren artean bera konturatu gabe. Piztera doanean erletxo gaixoak oihu egin dio. - Eee, aizu, kontuz!! Hemen nagoela!!- Eboluzioak, erabat harriturik, bildu berri duen zigarrotxoari erreparatu dio, eta hara non erle txiki bat atera egin den. Hori bai, zigarroari forma emateak eragin nabarmena izan du beregan: Gorputza luze-luze eta fin-fina utzi dio, eta hegoak ere biribilduta geratu zaizkio. Zigarro estu baten antza du orain. - Eta zer demontre egingo dut nik orain piura honekin?- Kexatu zaio larri-samar aho bete hortz dagoen Eboluzioari. - Bada ederra egin dugu, bai- aitortu dio zintzotasunez eta bere ardura izkutatu gabe- Argi dago beste zerbaitekin probatu beharko dugula.- - Hara bestea, esaten duzun bezain erreza izango balitz ...- - Ea bada lasaitu zaitez. Utzidazu pentsatzen... Badaukat!! Zergatik ez duzu ez dugu probatzen erreketan izaten diren harrien artean bizitzen?. Fisiologiarekin ere pixka bat lagunduko nizuke.- - Hori, hori, orain esaten den moduan: "from lost to the river", ezta?-

2025/11/15

Matxain doktorea eta Mr. Asalto bandidoa

Otia lasai dago. Belarrarekin mimetizatzeko hain aproposa den kolore berde argi horrek matxinsalto eder baten itxura ematen dio. Urtea oso ona doa otientzat. Hainbat eta hainbat oti emek milaka eta milaka arrautz lurperatu dituzte. Zikloaren hurrengo aldiak ere arrakastatsuak izan dira oso, eta horrezkero matxinsaltoak ikaragarri ugaritu dira. Hainbeste izanik gehigizko konpetetziak eragiten duen estresa ere nabaritzen hasia da. Orduan aldaketa beldurgarri bat gauzatzen da: Jaiotzen diren oti berriak jada ez dira berde argiak arreak baizik, baina aldaketa nabermenena izaerari dagokio, orain taldearen babesean den dena suntsitzeko prest dauden soldadu kupidagabe eta ankerrak dira. Beraz, mertzenario edo bandido-ejerzito ikaragarri handi bat dugu, erabateko suntsipena eta kaosa eragiten duena uneoro eta nonnahi. Izurrite gaizto bat da. Akabera. Eta okerrena: hainbeste eta hainbeste ale izanik geldiezina ematen du. Baina halako batean belardi zabal-zabal batera iritsi dira. Oti-soldaduak sakabanatzen doaz poliki-poliki. Jada lasaiago daude, estres-maila nabarmen jaitsi da. Eta berriro ere, mirari moduko bat gertatzen da, eta belaunaldi berriarekin hasierako matxinsalto lirain, berde eta baketsuz betetzen da gure larrea. Joan den astean Urbisuko kaleetan mantxinsalto polit honekin egin nuen topo. Argazkia atera nion eta sailkatzerakoan sorpresa: Oti migratzailea (Locusta migratoria) bat zen. Eta beste hainbestetan bezalaxe nire aurreiritziak pikutara joan ziren, noski. Orain badakit oti migratzailea espezie polifenikoa dela, hau da, ingurune-aldaketen arabera bere fenotipoa,hau da, bere itxura aldatu egiten da, Honelako segida bat osatuz: Aldi bakartia → transiens congregans (Bitarteko aldia) → Aldi taldekoia → transiens dissocians (Bitarteko aldia) → Aldi bakartia Eskerrak gurean soilik aldi bakartia ematen den … momentuz.

2025/11/01

Geotrupes mutator, zimaurraren kakalardo berdearen saria

Geotrupes stercorarius izeneko zimaurraren kakalardoen artean badira ale gutxi batzuk ez daudenak bat ere ados, espezieak hartu duen utzikeri kutsu nabarmenagatik. Dagoeneko ez da bakarrik arrautzak behien kaka-plastetan jarri beharra. Are gehiago, hori eginkizun oso onuragarria eta guztiz ezinbestekoa da ingurunearentzako. Ez, ez da hori. Utzikeria garbitasun ezagatik dator. Izan ere, zimaurraz elikatu beharrak ez du inolaz suposatzen zikin-zikin ibili beharrik,eta hain zuzen ere, horretarako daukate kanpoko kutikulula iragazkaitza eta itsasgaitza. Baina ganorabakotasunaren adierazle nagusiena bere azpialdean eta hanken artean pilatzen zaizkion akaro mordoa da. Horregatik ere britaniarrek jarri dioten
Atezain zorritsua
izen iraingarria. Arestian aipatu dugun talde kritikoa isolatu egin da kakalardoetatik, eta komuna moduko bat sortu dute. Asmoa garbia bezain argia da: duintasuna eta osasuna berreskuratzea. Bereizteko asmoak aurrera eramateko eboluzioari helegitea jarri diote. Eta harrigarria bada ere, eboluzioak, salbuespen gisa bada ere, darwinismoari uko egin dio eta lamarckista bihurturik gure "lurzulagailua" edo Geotrupesaren zantzu urdinak berdera aldatu eta Geotrupes mutator izeneko espezie berria sortu du.