2025/11/15

Matxain doktorea eta Mr. Asalto bandidoa

Otia lasai dago. Belarrarekin mimetizatzeko hain aproposa den kolore berde argi horrek matxinsalto eder baten itxura ematen dio. Urtea oso ona doa otientzat. Hainbat eta hainbat oti emek milaka eta milaka arrautz lurperatu dituzte. Zikloaren hurrengo aldiak ere arrakastatsuak izan dira oso, eta horrezkero matxinsaltoak ikaragarri ugaritu dira. Hainbeste izanik gehigizko konpetetziak eragiten duen estresa ere nabaritzen hasia da. Orduan aldaketa beldurgarri bat gauzatzen da: Jaiotzen diren oti berriak jada ez dira berde argiak arreak baizik, baina aldaketa nabermenena izaerari dagokio, orain taldearen babesean den dena suntsitzeko prest dauden soldadu kupidagabe eta ankerrak dira. Beraz, mertzenario edo bandido-ejerzito ikaragarri handi bat dugu, erabateko suntsipena eta kaosa eragiten duena uneoro eta nonnahi. Izurrite gaizto bat da. Akabera. Eta okerrena: hainbeste eta hainbeste ale izanik geldiezina ematen du. Baina halako batean belardi zabal-zabal batera iritsi dira. Oti-soldaduak sakabanatzen doaz poliki-poliki. Jada lasaiago daude, estres-maila nabarmen jaitsi da. Eta berriro ere, mirari moduko bat gertatzen da, eta belaunaldi berriarekin hasierako matxinsalto lirain, berde eta baketsuz betetzen da gure larrea. Joan den astean Urbisuko kaleetan mantxinsalto polit honekin egin nuen topo. Argazkia atera nion eta sailkatzerakoan sorpresa: Oti migratzailea (Locusta migratoria) bat zen. Eta beste hainbestetan bezalaxe nire aurreiritziak pikutara joan ziren, noski. Orain badakit oti migratzailea espezie polifenikoa dela, hau da, ingurune-aldaketen arabera bere fenotipoa,hau da, bere itxura aldatu egiten da, Honelako segida bat osatuz: Aldi bakartia → transiens congregans (Bitarteko aldia) → Aldi taldekoia → transiens dissocians (Bitarteko aldia) → Aldi bakartia Eskerrak gurean soilik aldi bakartia ematen den … momentuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario