2026/02/27

Haragi-euliaren autoestimua igotzea

Callyphora izenak "edertasunaren eramalea" esan nahi du. Ezinezkoa da jakitea, 1830ean Jean-Baptiste Robineau-Desvoidy frantziar entomologoak horrelako izen arranditsuarekin bataiatu zuenean, genero horretako euliek dituzten kolore metaliko ederrak direla-eta hautatu ala ironiatik jo ote zuen. Orokorrean eta betidanik nazka eta errefusa sortzen duen izakia baita. Dena den, baliteke joera hori aldatzea. Izan ere oraintsu, gizakiaren mesedean garrantzi handiko bi zeregin betetzen dituela jakin dugu. Batetik ikusi da, larbak nekrofagoak badira ere, imago edo heldu hegalariak polenaz elikatzen direla eta, zenbait landareen kasuan, tipulak esaterako, erleak berak baino erangikorragoak direla polinizatzeko garaian. Eta bestetik, tamalez geroz eta gaiztakeri gehiago dagoen mundu honetan hain bogan dabilen entomologia forenserako ere ezinbesteko baliabide bilakatu dira. Hain da fina beren usaimena ezen; zerraldoa non callyphora han. Gero larbaren estadioari erreparatuta, nahiko ongi zehaz daiteke heriotza noiz gertatu den. Ea baratzezainak edoeta mediku forenseak ez garenok ere horrelakoak kontuan hartu eta beraietaz dugun iritzia aldatzen dugun ... zertxobait bada ere.

2026/02/25

Cylindroiulus punctatus, buztan kamutseko suge-milazangoa edo ehunzango inflazionista

Ziur naiz gogoan izango duzuela Eugenio handiaren honako txistea: "995, 996, 997, 998, 999 ... ostras!! milazango bat!!!" Badirudi argazkikoa Julidoen familiako Cylindroiulus punctatus, buztan kamutseko suge-milazangoa dela. Edo zuzenagoak izatera, diplopodo bat . Hau da, segmentu bakoitzeko bi hanka pare ditu. Izan ere, miriapodoetan bi talde dira nagusi. Batetik, arestian aipatutako diplopodo edo milazangoak, motelak eta detritiboroak direnak, eta bestetik kilopodo edo ehunzangoak, oso azkarrak eta harrapariak direnak. Eta daturik bitxiena, ezetz asmatu zenbat hanka dituen lehengo egunean herriko harraskan itotzear zegoen milazango gaixoak? Bada ehun hanka ditu hain juxtu ere. Zeinek esan behar zigun artropodoetan ere inflazioa egon badagoela. Eta hasierako txistera itzuliz ere, Eugeniok benetan zenbatu izan balitu ...

2026/02/22

Xylocopa violaceus, erlastar arotza, ederra eta goizalea

Udaberriaren lehenengo ateraldi honek goizaleenak ere esnatu ditu jada. Horien artean atzo aurkitu nuen "erlastar arotza" delako hau. Dudarik gabe, paraje hauetatik topa dezakegun bitxorik ikusgarrienetako bat da. Batetik, bere tamaina dugu, laupabost zentimetro luze baditu, eta erlastar guztiak bezala “potoloa”eta iletsua ere bada. Bestetik, bere koloreak ere bitxiak dira; gorputza beltz-beltza eta hego marroiak baina iridiszentziarekin urdin-ilun edota more egiten direnak eguzkiak jotzen dienean. Eta hori gutxi balitz, hegan egitean ateratzen duen burrunba ere deigarria da oso. Izen zientifikoak bere bizimoduaren berri ematen digu. Xylocopa hitzak egur zerratzailea, hau da, arotza esan nahi du. Bere barail indartsuekin enborretan hainbat tunel paralelo egiten ditu eta bukaeran tunel horiek guztiak bilduta gela handi bat egiten du. Bertan polena eta nektar dexente biltegiratu eta gero, dozena bat arraultz jartzen ditu, eta larbak jaiotzen direnean hortxe elikatuko dira, udararen amaiera arte. Udazkenean polenaz elikatzen ematen dute eta gero jaio zireneko zuloetara erretiratzen dira negu-gorria igarotzera. Udaberriaren epeltasunarekin berriro aktibatu eta bikotekide bila hasiko dira, ernalketarekin zikloa berriro martxan hasteko. Badirudi gure erraldoia ipurterrea dugula, eta ni bezala loaldi laburrekoa. Imaginatzen dut bere zulotxoan, bueltaka, eta bere anai-arreben protestak “Egon hadi geldi, berriro esnatu nauk/n eta”. Eta azkenean, denetaz asper-asper eginda epeltasunaren lehenengo zantzuekin, hartu eta ni banoa hemendik, agur.

Oporretan lagunekin edo famialiarekin egun batzuk kanpindendan pasatzera joaten garenean, eta goizaldean lehenengoa esnatzen naizenean ... bada horixe bera!!

2026/02/01

Efemeropteroak ihesean utzitako trajea edo exubia

Urbisuko harraskan bizi den efimera ninfa batek bronka bat izan du bere harraskakideekin. Detritu batzuk zirela eta ez zirela, adostutakoa baino gehiago jatea leporatzen diote. Azkenean denetaz nazkatuta, harraskatik aldegiteko metamorfosia egitea erabaki du. "Baina nolatan topatuko duzu bikotekidea otsailaren hasieran" jakinarazi diote oraindik berarekiko adiskidetasuna mantentzen duten lagun gutxi batzuk. Izan ere, efimerak ahorik gabe eklosionatzen dira, eta asko jota hiruzpalau eguneko epea dute bikotekidea topatzeko eta ugalketa prozesua burutzeko. Horregatik udaberrian, eta batez ere maiatzaren hasieran, izaten dira eklosio masiboak. "Berdin zait, ez dut gehiago agoantatzen. Gainera ziur naiz geratzen banaiz nireak egin duela". Gure ninfa tematiak ez zuen bere hitza jan, eta argazkian ageri den bezala, askatik abiatu eta exubia bertan utzita, hegan atera zen. Hemendik aurrera ezer gutxi dakigu ziurtasunez. Hori bai, era guztietako zurrumuruak (edo txutxumutxuak) heldu dira guregana: depreak jota ardo edalontzi batera bota zuela bere burua eta mozkor-mozkor eginda bereak egin zuela, azken momentuan bera bezalako beste deserriratu batekin topo egin zuela eta ugaldu egin zirela eta guzti, edoeta bidaiatzeari ekin ziola eta haize ufada batek hartuta di-da batean Afrikaraino ere iritsi zela eta hango efimeroekin hibridatzea lortu zuela ... Auskalo!