2025/09/28

Lamarckek izendatu zuen ehunzango ahalduna

Herenegun ehunzango bat sartu zitzaigun etxeko portalera. Ez zen erreza izan harrapatzea. Hamabost pare hanka luze horiek koordinatu ahal izateko zailtasunaz gaindi ikaragarri bizkor mugitzen da, irakurri dudanez 0,4 m/s-ko abiadura lortzeko gauza da. Baina behin ikertzen hasita, hori ez da kilopodo honek daukan bitxikeri bakarra. Hasiera batean, Linneok Scolopendra generoa egokitu zion, baina handik gutxira, eboluzioaren lehenego teoria proposatu zuen Jean Francois Lamarckek berak genero horretatik atera eta Scotigera coleopstrata izena egokitu zion, eta hori da hain zuzen ere, gaur egun erabiltzen duguna. Horrez gain, ehunzango honetan autommimetismo izeneko fenomenoa ematen da. Izan ere, atzeko hankak luze-luzeak ditu antenak emateko eta horrela balizko predatzaile batek atzealdea buruarekin nahasteko. Bukatzeko jakin barailetan fortzipula izeneko apendize pozoi-ziztatzaileak dituztela. Ziztadak harrapakinak akabatzeko erabiltzen ditu, eta guretzat ez omen dira mingarriak. Hortaz, ikusten duzuenez denetarik dauka. Artropodoen artean miriapodoena lehenengo taldea izateak abantailaren bat izan behar zuen bada.

2025/09/24

Lekaiu kaskazuriaren desplantea

Bigarren tximeleta Eilema caniola da, beldar iletsuak dituzten arctinoideo bat. Eta honi ere ingelesek izen xelebre samarra jarri diote "Lekaiu ilezuria", eta oraingoan ere Linneok ere bide beretik jo zuela ematen du "caniola" izenlagunarekin. Ilezuriarena argi daukat, burua laranja kolore bizikoa bada ere. Baina lekaiuarena ... Agian bere itxura luzanga dela eta, izango ote da? Eta noren lekaiua?? Lekaiua garai bateko lanbidea zen, gaur egun lekaiuak egon badaude ere, baina oraingoek ez dute itxura gorde beharrik. Beraz, okurritzen zaidan gauza bakarra da gure lekaiua bere jauntxoaz nazkatu egin zela eta antzarak ferratzera bidali zuela, eta harez geroztik hortik dabilela ea ingelesek beste ogibideren bat aurkitzen dioten.

2025/09/22

Vestaren (Rhodometra sacrariaren) eszedentzia

Gaur goizean bi sitsen bisita izan dut. Larunbata denez eta familiako beste kide guztiak lo zeudenez bi ezezagun hauek ikertzera ekin diot. Izan ere, duela gutxi jakin dut Tabletarekin argazkia ateraz gero eta horren ondoren irudien bilatzailean jarrita oso erreza dela espeziearen izenarekin ematea edo gutxienez dexente hurbiltzea. Lehenengoa geometrido bat suertatu da, Rhodometra sacraria. Ingelesek Vesta izenez ezagutzen dute. Jakin dudanez Vesta horiek Suaren Elizaren emakume apaizak ziren. Beraien lana sua inoiz ez itzaltzea zen. Argi dago, espeziaren bigarren izenari erreparatzen badiogu Linneok berak ere zeozer "sakratua" ikusi zuela tximeleta xume honetan. Orduan ni ere vesta-tximeletaren mistizismoa irudimenarekin aurkitzera lotu natzaio ... Eta egia esan, txuria tunika bat izan zitekeen eta gurutzatzen duen marra arrosa berriz apaizek janzten duten xingola. Hori bai, gaur egungo poxpolo, txiskero, bitrozeramika eta beste gailuekin badirudi ez dutela horrenbesteko erantzunkizunik eta dexente erlaxatu dira, eta besteon etxeetan kuskuxeatzen ematen dute beren denboraren gehiena.