Zomorro: Hainbat ornogaberi ematen zaion izena. Animalien %95a (esaterako, milloitik gora artropodo espezie daude, ornodunak berriz, 47.000 espezie inguru besterik ez)
2025/11/23
Protaetia morio zetonido beltzaren madarikazioa
Fabricius entomologo daniarrak aurkitu berri duen kakalardo beltzarendako izen baten bila ari da. Zetonido bat da, Cetonia aurata ezagunaren familia berekoa. Aspaldi honetan espezie berri dexente aurkitzen ari da eta horiendako izen berriak asmatzeko irudimena agortzen ari zaio. Halako batean cetonia hitzarekin anagramak egitea okurritu zaio: tonicea, aniceto, nicetoa,netocia ... netocia errepikatu du polikiago. Bai, Netocia izango da. Fabricius harro dago beste behin ere erakutsitako baliabideengatik. Baina Fabriciusek ez dakiena da, gure kakalardo gaixoari izen hori jartzean izugarrizko dislexia eragin ziola, eta, esaten zituen hitz gehienak alderantziz botatzen zituen, eta, askotan hainbat kupidagabeen barre algarak eragiten zituela. Esaterako, hainbestetan erabili behar zuen kakalardo hitzaren ordez kalakardo edo lakakardo ateratzen zitzaion. Netocia gaixoa hainbeste akonplejatu egin zen, harremantzeari uko egin ziola eta guzti. Urteak igaro ziren bere berririk izan gabe. Orduan kakalardo bihurri batzuei Netocia berriro gizarteratzeko eta berataz trufatzen jarraitzeko kakalardoen ordenaren ordezkari gorena izateko hautatzea okurritu zitzaien. Hasieran broma bat bezala hasi zena indarra hartu zuen, eta pronostiko guztien gaindi Netociak irabazi zuen. Orduan denek itxarotutako monentua iritsi zen: inbestidura-diskurtsoa. Netocia urduri zen oso. Okerrenaren beldur zen. Halako batean, adorea bereganatu eta hitzegiten hasi zen. Eta ez zen ezta behin ere nahastu. Denak harrituta zeuden, eta harrituena, Netocia bera noski. Zer demontre gertatu zen bada? Ikerketa genetikoak hasi zirenean, aurretik jarritako taxoi asko eta asko ez zetozela bat konturatu ziren. Zorionez gure Netociarena ere horrela suertatu zen eta genero berria egokitu zioten: Protaetia. Eta izen hori askoz itsusiagoa bazen ere, antza dislexiaren madarikazioa behin betiko eteteak ekarri zion.
2025/11/19
Leuctra fusca (harri-eulia edo "pitillo") plekopteroaren bizitza-aldaketa
Paleozenoaren erdian gaude. Eboluzioak lan handia izan du gaur. Artropodoek, eta bereziki intsektuek, izugarrizko eztanda egin dute eta espezie berri pila bat sortzen ari da. Hortaz, nekatuta dagoenez, atsedenalditxo bat egitea erabaki du.
Zigarrotxo bat biltzen hasi da, baina hainbeste bitxoren artean, erle txiki bat tartekatu zaio tabakoaren artean bera konturatu gabe. Piztera doanean erletxo gaixoak oihu egin dio.
- Eee, aizu, kontuz!! Hemen nagoela!!-
Eboluzioak, erabat harriturik, bildu berri duen zigarrotxoari erreparatu dio, eta hara non erle txiki bat atera egin den. Hori bai, zigarroari forma emateak eragin nabarmena izan du beregan: Gorputza luze-luze eta fin-fina utzi dio, eta hegoak ere biribilduta geratu zaizkio. Zigarro estu baten antza du orain.
- Eta zer demontre egingo dut nik orain piura honekin?- Kexatu zaio larri-samar aho bete hortz dagoen Eboluzioari.
- Bada ederra egin dugu, bai- aitortu dio zintzotasunez eta bere ardura izkutatu gabe- Argi dago beste zerbaitekin probatu beharko dugula.-
- Hara bestea, esaten duzun bezain erreza izango balitz ...-
- Ea bada lasaitu zaitez. Utzidazu pentsatzen... Badaukat!!
Zergatik ez duzu ez dugu probatzen erreketan izaten diren harrien artean bizitzen?. Fisiologiarekin ere pixka bat lagunduko nizuke.-
- Hori, hori, orain esaten den moduan: "from lost to the river", ezta?-
2025/11/15
Matxain doktorea eta Mr. Asalto bandidoa
Otia lasai dago. Belarrarekin mimetizatzeko hain aproposa den kolore berde argi horrek matxinsalto eder baten itxura ematen dio. Urtea oso ona doa otientzat. Hainbat eta hainbat oti emek milaka eta milaka arrautz lurperatu dituzte. Zikloaren hurrengo aldiak ere arrakastatsuak izan dira oso, eta horrezkero matxinsaltoak ikaragarri ugaritu dira. Hainbeste izanik gehigizko konpetetziak eragiten duen estresa ere nabaritzen hasia da. Orduan aldaketa beldurgarri bat gauzatzen da: Jaiotzen diren oti berriak jada ez dira berde argiak arreak baizik, baina aldaketa nabermenena izaerari dagokio, orain taldearen babesean den dena suntsitzeko prest dauden soldadu kupidagabe eta ankerrak dira. Beraz, mertzenario edo bandido-ejerzito ikaragarri handi bat dugu, erabateko suntsipena eta kaosa eragiten duena uneoro eta nonnahi. Izurrite gaizto bat da. Akabera. Eta okerrena: hainbeste eta hainbeste ale izanik geldiezina ematen du.
Baina halako batean belardi zabal-zabal batera iritsi dira. Oti-soldaduak sakabanatzen doaz poliki-poliki. Jada lasaiago daude, estres-maila nabarmen jaitsi da. Eta berriro ere, mirari moduko bat gertatzen da, eta belaunaldi berriarekin hasierako matxinsalto lirain, berde eta baketsuz betetzen da gure larrea.
Joan den astean Urbisuko kaleetan mantxinsalto polit honekin egin nuen topo. Argazkia atera nion eta sailkatzerakoan sorpresa: Oti migratzailea (Locusta migratoria) bat zen. Eta beste hainbestetan bezalaxe nire aurreiritziak pikutara joan ziren, noski. Orain badakit oti migratzailea espezie polifenikoa dela, hau da, ingurune-aldaketen arabera bere fenotipoa,hau da, bere itxura aldatu egiten da, Honelako segida bat osatuz:
Aldi bakartia → transiens congregans (Bitarteko aldia) → Aldi taldekoia → transiens dissocians (Bitarteko aldia) → Aldi bakartia
Eskerrak gurean soilik aldi bakartia ematen den … momentuz.
2025/11/01
Geotrupes mutator, zimaurraren kakalardo berdearen saria
Geotrupes stercorarius izeneko zimaurraren kakalardoen artean badira ale gutxi batzuk ez daudenak bat ere ados, espezieak hartu duen utzikeri kutsu nabarmenagatik. Dagoeneko ez da bakarrik arrautzak behien kaka-plastetan jarri beharra. Are gehiago, hori eginkizun oso onuragarria eta guztiz ezinbestekoa da ingurunearentzako. Ez, ez da hori. Utzikeria garbitasun ezagatik dator. Izan ere, zimaurraz elikatu beharrak ez du inolaz suposatzen zikin-zikin ibili beharrik,eta hain zuzen ere, horretarako daukate kanpoko kutikulula iragazkaitza eta itsasgaitza. Baina ganorabakotasunaren adierazle nagusiena bere azpialdean eta hanken artean pilatzen zaizkion akaro mordoa da. Horregatik ere britaniarrek jarri dioten
Atezain zorritsuaizen iraingarria. Arestian aipatu dugun talde kritikoa isolatu egin da kakalardoetatik, eta komuna moduko bat sortu dute. Asmoa garbia bezain argia da: duintasuna eta osasuna berreskuratzea. Bereizteko asmoak aurrera eramateko eboluzioari helegitea jarri diote. Eta harrigarria bada ere, eboluzioak, salbuespen gisa bada ere, darwinismoari uko egin dio eta lamarckista bihurturik gure "lurzulagailua" edo Geotrupesaren zantzu urdinak berdera aldatu eta Geotrupes mutator izeneko espezie berria sortu du.
2025/10/30
Sits-pirataren beldar ederra bezain handia (edo handia bezain ederra)
Lehengo asteburuan Baztan aldera txangoa egin genuen. Paisai ederraz gozatzeaz gain beldar eder horrekin gurutzatu ginen. Beldar handia tximeleta handia, noski, eta, handia izatekotan blog honetan sarrera bat duen sits-pirata (Atropos hyprenthus). Bistan da hau ere, kolore hori horrekin aposematismoa erabiltzen duela bere defentsarako.
Esfingidoen familiakoa da. Esfingeak antzinako Egipton lehoi hegodun baten gorputza eta gizaki baten burua duen animali mitologikoa da. Gerora, greziarrek ere inkorporatu zuten euren mitologiara. Gure beldarraren imagoa tximeleta puska bat da eta nahiko iletsua ere. Ezaugarri horiekin badirudi Linneori esfingeak gogorarazi zizkiotela.
2025/10/25
Carabus splendens, kakalardo distiratsua
Betidanik arraroa egin zait, zer dela eta gazteleraz urubiek eta kakalardo eder hauek partekatu behar zuten beren izena. Izan ere ez dute zerikusirik bata bestearekin. Interneten ikertu ahal izan dudanez, kointzidientzia hutsa da. Hori bai, izen klasikoa, grekeratik datorren kakalardoena da. Urubiaren gaztelaniazko izenaren jatorria ezezaguna da, antza denez.
Bestela, baditu beste hainbat bitxikeri. Hasteko, kakalardoen talde amaiezinean dagokien adephaga azpiordena. Eta zer esan nahi du adefagoa? bada, jatuna. Hau da, gure karaboak "kakalardo tripontzien" taldekoak dira. Antza denez gure karaboa barraskiloz, zizarez eta bareez leporaino betetzen da.
Bestalde, elitroek bat eginda daude eta hegan egiteko gaitasuna galdu du, ordainean hanka luze eta indartsuak ditu, eta korrika egiten azkarra da oso.
Bukatzeko, aposematismoa aipatu behar da. Izan ere, bere nabarmendu nahia oso nabaria da, alegia, harrosko bat da. Eta hori da, hain zuzen ere, bizirauteko hautatu duen estrategia, aldez aurretik abisatzea askoz hobeto jaten ez banauzu, bestela zure tripek larrutik ordainduko dute.
Erderaz esaten den bezala: "El que avisa no es traidor"
2025/10/01
Orthosia cerasi edo Kuakero-tximeleta
Atzo tximeleta hau topatu nuen etxean eskegita zegoen beroki batean. Argi dago noktuido bat dela, eta gerora egin dudan araketaren arabera litekeena Orthosia cerasi izeneko bat izatea, baina oraingo honetan ez nago erabat ziur.
Jakin dudanez, gehienbat udaberrian hegaldatzen bada ere, zenbaitetan bigarren belaunaldi bat ere egon daiteke udazkenaren hasieran. Beldarra fruita-arboletan elikatzen da. Linneoren ikasle nabarmena izan zen Johan Cristian Fabricius entomologo daniarrak eman zion izen zientifikoa.
Eta sits honi ere ingelesek izen bitxia jarri diote; kuakeroa, alegia. Kuakeroena elizaren zisma bat da. Beraien ustez eliza militantzia moduko bat da, eta guztiek saiatu beharra daukate fedea lantzen eta zabaltzen, eta horregatik, hain zuzen, ez dute apaizen beharrik.
Eta nolatan egokitu diote horrelakorik gure Orthosiari? Bada egia esan, ez daukat ideia izpirik ere. Okurritzen zaidan gauza bakarra, gure tximeleta hau hain dela diskretoa, eta agian garai bateko kuakeroak ere horrelako kolore apalekin jantziko zirela.
Edozein modutan zeinek esango zidan niri insektuen kontura, entomologiaz gain, beste hainbeste gauza jorratuko nituenik.
2025/09/28
Lamarckek izendatu zuen ehunzango ahalduna
Herenegun ehunzango bat sartu zitzaigun etxeko portalera. Ez zen erreza izan harrapatzea. Hamabost pare hanka luze horiek koordinatu ahal izateko zailtasunaz gaindi ikaragarri bizkor mugitzen da, irakurri dudanez 0,4 m/s-ko abiadura lortzeko gauza da.
Baina behin ikertzen hasita, hori ez da kilopodo honek daukan bitxikeri bakarra.
Hasiera batean, Linneok Scolopendra generoa egokitu zion, baina handik gutxira, eboluzioaren lehenego teoria proposatu zuen Jean Francois Lamarckek berak genero horretatik atera eta Scotigera coleopstrata izena egokitu zion, eta hori da hain zuzen ere, gaur egun erabiltzen duguna.
Horrez gain, ehunzango honetan autommimetismo izeneko fenomenoa ematen da. Izan ere, atzeko hankak luze-luzeak ditu antenak emateko eta horrela balizko predatzaile batek atzealdea buruarekin nahasteko.
Bukatzeko jakin barailetan fortzipula izeneko apendize pozoi-ziztatzaileak dituztela. Ziztadak harrapakinak akabatzeko erabiltzen ditu, eta guretzat ez omen dira mingarriak.
Hortaz, ikusten duzuenez denetarik dauka. Artropodoen artean miriapodoena lehenengo taldea izateak abantailaren bat izan behar zuen bada.
2025/09/24
Lekaiu kaskazuriaren desplantea
Bigarren tximeleta Eilema caniola da, beldar iletsuak dituzten arctinoideo bat. Eta honi ere ingelesek izen xelebre samarra jarri diote "Lekaiu ilezuria", eta oraingoan ere Linneok ere bide beretik jo zuela ematen du "caniola" izenlagunarekin.
Ilezuriarena argi daukat, burua laranja kolore bizikoa bada ere. Baina lekaiuarena ... Agian bere itxura luzanga dela eta, izango ote da? Eta noren lekaiua??
Lekaiua garai bateko lanbidea zen, gaur egun lekaiuak egon badaude ere, baina oraingoek ez dute itxura gorde beharrik.
Beraz, okurritzen zaidan gauza bakarra da gure lekaiua bere jauntxoaz nazkatu egin zela eta antzarak ferratzera bidali zuela, eta harez geroztik hortik dabilela ea ingelesek beste ogibideren bat aurkitzen dioten.
2025/09/22
Vestaren (Rhodometra sacrariaren) eszedentzia
Gaur goizean bi sitsen bisita izan dut. Larunbata denez eta familiako beste kide guztiak lo zeudenez bi ezezagun hauek ikertzera ekin diot. Izan ere, duela gutxi jakin dut Tabletarekin argazkia ateraz gero eta horren ondoren irudien bilatzailean jarrita oso erreza dela espeziearen izenarekin ematea edo gutxienez dexente hurbiltzea.
Lehenengoa geometrido bat suertatu da, Rhodometra sacraria. Ingelesek Vesta izenez ezagutzen dute. Jakin dudanez Vesta horiek Suaren Elizaren emakume apaizak ziren. Beraien lana sua inoiz ez itzaltzea zen.
Argi dago, espeziaren bigarren izenari erreparatzen badiogu Linneok berak ere zeozer "sakratua" ikusi zuela tximeleta xume honetan.
Orduan ni ere vesta-tximeletaren mistizismoa irudimenarekin aurkitzera lotu natzaio ...
Eta egia esan, txuria tunika bat izan zitekeen eta gurutzatzen duen marra arrosa berriz apaizek janzten duten xingola.
Hori bai, gaur egungo poxpolo, txiskero, bitrozeramika eta beste gailuekin badirudi ez dutela horrenbesteko erantzunkizunik eta dexente erlaxatu dira, eta besteon etxeetan kuskuxeatzen ematen dute beren denboraren gehiena.
2025/07/30
Pipa-kakalardoaren (Iberodorcadion fuliginator) ipuina
Bazen behin inoiz egon den kakalardorik ederrena, kolore biziz eta marrak eta puntuak konbinaturiko diseinu bitxia zeukan. Baina hain ederra izanik entomologo guztiek eta entomologoak ez zirenak ere ale bat nahi zuten bere bildumarako. Eta hainbeste harrapatu zituzten desagertzeko zorian egotera iritsi zela. Eskerrak juxtu egoera itzuliezina bilakatu behar zenean, azken kakalardoak toki izkutu batean biltzea lortu zuten. Hainbat egunetan era guztietako ideiak plazaratu eta gero, haietako bati ideia bikaina bururatu zitzaion: euren galzoria ziren elitro ederrak ekilorearen pipen azalekin ordezkatzea. Eta funtzionatu zuen. Izan ere, kakalardoek interes guztia galdu zuten eta poliki-poliki euren kopurua emendatuz joan zen.
Gaur egun pipa-kakalardoa (Iberodorcadion fuliginator) arrunta ez bada ere, nahiko ugaria da, eta garai bateko edertasunik ez badu ere, bere xarma baduela zalantza-izpirik ez dago. Eta hau bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Urbisuko plazan
Gaur egun pipa-kakalardoa (Iberodorcadion fuliginator) arrunta ez bada ere, nahiko ugaria da, eta garai bateko edertasunik ez badu ere, bere xarma baduela zalantza-izpirik ez dago. Eta hau bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Urbisuko plazan
2025/07/23
Ingelesek alfonbra txikia deitzen duten geometridoa
Oraingo honetan ere beste bisitari dotore bat etorri zaigu etxera. Bere izen zientifikoa Idaea rusticata da eta antza denez, ingelesek bakarrik bataiatu omen dute least carpet izenarekin. Tximeletaxo hauek pausatzen direnean zapal-zapal geratzen dira eta egia da euren gainaldeko diseinuak etxeko alfonbrenak izan zitezkeela.
Bestalde, familiari ematen zaion geometrido izenak ere bere grazia badauka. Euskaraz lur-neurtzailea litzateke, eta beldarrek duten ibilkerari dagokio. Izan ere, distantzia txiki bat neurtzeko arra beteak (palmoak) erabiltzen dugun eskuaren mugimenduarekin bat dator.
Jakin dudanez beldarra huntzaz elikatzen da.
Beraz, gaztetan huntzak neurtzen eta nagusitan alfombrarena egiten, egia da denetarik dagoela munduan.
Beraz, gaztetan huntzak neurtzen eta nagusitan alfombrarena egiten, egia da denetarik dagoela munduan.
2025/07/18
Cydalima perspectalis edo ezpelarenak egin du
Lehengo eguneko bisitari horrek sentimendu samin-gozoak sortzen dizkit. Batetik, ederra da eta diseinu erakargarria eta originala duelako, bestetik, badakidalako tximeleta hauskor eta zintzo horren atzetik ezpelak suntsitzen dituen beldar kupidagabe bat dagoela.
Jatorriz Asiakoa da. 2007an Alemannia eta Herbereetara iritsi zen Txinako ezpel batzuekin batera, eta harrezkeroztik etengabe zabaltzen ari da, modu geldiezinean. Izan ere, beldarrak ezpelaren alkaloide toxikoak bere baitan metatzen ditu, erabat pozoitsu bihurtuz. Predatzailerik ez du bat ere.
Ez dago ezer egiterik. Tximeleten inguruan hainbat ikerketa egiten dituen Yerai Monasteriok esan zidan ezpelaren aukera bakarra haziak biltzea eta gordetzea dela. Cydalimek Europako ezpel guztiekin akabatzen dutenean orduan eurak ere desagertuko baitira.
Gaztelaniaz esaten den, "muerto el perro, se acaba la rabia"... bada horixe bera.
2025/07/16
Arkanbele emearen oporrak
Arkanbelea (Lucanus cervus) Europako itsekturik astunena da. Argazkikoa eme bat da. Natura askotan ematen den bezala emeak diskretuagoak dira arrak baino. Arrak zertxobait handiagoak izateaz gain matxarda izugarri handiak dituzte, ugaltzeko garaian beste arerioekin burrukatzeko erabiltzen dituzte orein arren antzera. Horregatik, Linneok Lukano, Italia hegoaldeko antzinako herrialde sutsua eta oreinaren izenarekin bataiatu zuen.
Euskarazko izena magikoagoa da eta politagoa iruditzen zait.
Gure argazkiko emea arren burrukez eta gehigikeriez kokoteraino eginda, Kanpezuko igerilekura etorri da ihesi deskonektatzera, hainbeste testosterona eta hainbeste tontakeri ere akigarriak baitira oso.
2025/07/04
Apatura iliaren depresioa
Lehengo egunean Kanpezuko piszinetako tabernan geundela bisitari eder hori izan genuen. Apatura ilia du izena eta irisazioz lortzen duen urdin bizi hori ederra bezain arraroa da naturan. Duela urte gutxira arte oso eskasa baldin bazen ere, gaur egun badirudi dexente zabaldu dela.
Ilia izena, beste tximeleta askori egokitu zaien bezala, mitologia klasikoan du bere jatorria. Izan ere, Ilia Romulo eta Remo bikien ama da. Hori bai, hasiera batean erregearen aginduz Vesta jainkosaren emakumezko apaiza izatera behartuta egon zen, baina Marte jainkoa bere amets batean agertu eta bortxatu eta gero, bikien haurdun gelditu zen. Erregea biziki haserretu zen eta heriotzera zigortu zituen ama-semeak. Borreroak ordea, jaioberriez errukiturik, umeak saski batean sartu eta ibaian utzi zituen. Ilia ama ibaian ito behar zuenean Tiber jainkoak berak salbatu eta berarekin ezkondu zen.
Argazkiko Ilia ikusita esango nuke harreman hau ere ez dihoala oso ongi, izan ere tabernaz taberna eta era guztietako substantziekin burua galdu samar dabilela argi baitago.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)












