Zomorro: Hainbat ornogaberi ematen zaion izena. Animalien %95a (esaterako, milloitik gora artropodo espezie daude, ornodunak berriz, 47.000 espezie inguru besterik ez)
2026/04/28
Paboi handiaren (Saturnia pyri) apuruak
2026/04/21
Celastrina argiolus, puntuak komekin ordezkatu dituen lizienido aldrebes samarra
Gu lizienidoen familiako Celastrina argiolus deritzon tximeleta bikote bat gara, Celastrina izena gorostiaren grezierazko izenatik dator, izan ere, beldarrak garenean, gorostiaren hostoez elikatzen gara gehienbat, aizu, eta gure izenaren inguruan beste argibide bat, "C" hizkiarekin idazten bada ere, kontuan izan "K" fonema ahozkatu behar dugula, hau da, "kelastrina", eta ez "zelastrina", zuetako gehienek egin ohi duzuen bezala, eta bukatzeko, dagoeneko konturatuko zinaten bezala, puntuak ez ditugu oso gustoko, txikitxo gutxi batzuk baditugu ere, nahiago ditugu komak, eta hain zuzen ere, horixe beran fijatu behar zarete gainontzeko lizinienidoetatik bereizteko, hegoaren kanpoko aldearen ertzean kokatzen den komatxo-ilara horretan, eta horrek ere baldintzatzen du gure hizkuntzan punturik ez izatea, eta jakin badakigu dena jarraia izatearena, hasiera batean neketsua izan daitekeela, baina ia guztiarekin bezala, azken batean, denetara ohitzen gara
2026/04/18
Ischnura elegans, kalekumea bihurtu den txitxi-burruntziaren bertsoak
2026/04/14
Messor, Zeresi zekalearen uztarekin laguntzen dion jainkoa eta inurria
Egia esaten badizuet Linneo horrek nire izena jarri zienean inurri arrunt eta sinple batzuei ez zidan grazia handirik egin. Burutik kendu ezinik nagusiarengana, alegia, Zeresengana, jo nuen iritzi eske. Berak bere horretan uzteko aholkatu zidan. Izan ere, ordurako fede-krisiaren lehen zantzuak aurrikusten ziren, eta hobe inurri bat izatea behin betirako ahaztua izatea baino. Orain, bi mende eta erdi eta gero, argi daukat bete-betean asmatu zuela, eta are gehiago gaur egungo nekazaritza zertan den ikusita. Helburu bakarrak ekoizpena eta errentagarritasuna dira. Aitzitik, gauzak ongi, txukun eta modu jasangarrian egiteak ez du jada ezertarako balio. Dena agrokimikoen eta makinaria handiaren menpe dago, eta nago transgenikoak ere laister batean erabat nagusi izango ditugula. Dagoeneko herri txikietan apenas geratzen dira nekazariak, eta dauden apur horiek aipatutako merkatuaren tranpan erori dira.
Horregatik, ikusten ditudanean nire izena daramaten inurritxoak duela hainbat milioi urte bezain humilki, baina era berean temati ere, zekaleen haziak biltzen eta euren inurritegietan pilatzen harrotasuna eta morala igotzen zaizkit, eta, garai batean bezala nekazariek beraien landareak berriro maitasunez landatu eta zainduko dituztela amesteko aukera ematen didate.
2026/04/12
Antzekoaren antzekoa izatearen gauza gogaikarria
Ez da bat ere juxtua baina hala da bai. Izan ere, gu kakalardook errinozeroak baino askoz gehiago daramagu planeta honetan. Hortaz logikoena guri izen originala egokitzea eta ondorengoari, horrela behar izanez gero, bigarren izen bat gehitzea izango litzateke. Baina argi dago hemen irizpidea ez da logikoena, gizakiaren antzekoa (edo antzekoagoa) izatea baizik, eta errinozeroak ugaztunak direnez, guri errinozero-kakalardoa izatea tokatzen zaigu.
Baina horrekin ere ez da nahikoa. Zeren gure kasuan bezala, baldin badago beste kakalardo mota bat gu baino antzekoagoa dena (Oryctes nasicornis delakoa), horri egokituko zaio antzekoa izatearen “zortea”, eta guri berriz, antzekoaren antzekoaren izanik, bada bigarren abizen bat erantsi eta izorrai !!
Hau da, gu errinozero-kakalardo zimaurjaleak (Copris hispanus) gara, alajaina!!
2026/04/09
Apaiztxoaren (Berberomeloe majalis) fede-krisia
Apaiztxoak ez daki zer demontre gertatzen ari zaion. Apaiztegian emandako denborak oso luze jo du. Gustura egon da hala ere. Egunetik egunera bere fedea erabat zintzoa eta benetazkoa dela ziurtatu du, eta gogo biziz ekin dio prestakuntzari. Baina orain apaiz ordenatu eta sotana janztearekin batera beherakada etorri zaio tupustean. Eta okerrena, ez daki zergatik den. Horregatik, gaixorik dagoelaren aitzakiarekin bidaiatzeari ekin dio.
Orduan ezagutu du benetako bizitza: harremanak eta bere argi-ilunak. Eta orduan ezagutu du ere bere burua, eta ustekabe galanta harrapatu du emea dela jakitean.
Apaiztxoa ez zen inoiz agertu zegokion elizbarrutian. Urrutira aldegin zuen. Gaur egun, substantzia arriskutsuen kamioilaria da.
Berberomeloe majalis (gaztelaniaz: Curilla, aceitera…), ez badu ematen ere, koleoptero bat da. Emeak oso handiak dira eta sabelaldean milloika arraultza dituzte. Espezie honetan hipermetamorfosia ematen da, heldua izan baino lehen hainbat metamorfosi izaten dira. Xingola gorri edo laranjek bere toxikotasunaz abisatzen dute, izan ere kantaridina izeneko substantzia besikantea dauka defentsarako.
2026/04/07
Monomorium pharaonis, Linneok erlijioarekin izan zuen hutsa
Linneo oso gizon fededuna zen. Horregatik ez zuen eboluzioaren-teoria sortu. Izan ere, izaki bizidunak izendatzeko sortutako “Sistema naturae” delakoak sailkapen filogenetiko bat egiten du inplizituki, eta hortik eboluzioaren teoriara Darwinek urte batzuk geroago emandako urrats edo jauzitxo bat besterik ez zuen izan.
Baina erlijio-kontuetan ere ez zuen erabat asmatu. Antza denez, "pharaonis" izen-lagunak itun zaharreko Egiptoko izurriteei dagokie. Bada Moises-ek Egiptoko herriari ezarritako hamar izurrien artean baziren hainbat animali: igelak, zorriak, euliak eta otiak kasu, inurririk ez ordea.
Okurritzen zait Linneo jaiotzez suediarra bazen ere, euskal arbasoren bat ere izatea, eta hori dela-eta inurria eta izurria nahastu egin zituen.
2026/04/05
Sikarioaren (Loxosceles rufescens) bizitza-aldaketa
Loxos sikario bat da. Bere bizitzan zehar hainbat lagun garbitu ditu inolako kupidarik gabe. Azken enkarguan ordea plana erabat okertu eta zauritu egin zuten larriki buruan. Normalena bertan odolustu eta hiltzea izango zen, baina ohi ez bezala, bere lagun minak salbatu egin zuen. Ezkutaleku sekretu batean denbora luze eman du. Begi bat galdu duen arren beste guztia bide onetik dihoala ematen du. Bestela ere, geldialdia oso ongi etorri zaio behingoatik bere bizimoduaz gogoeta egiteko. Argi dauka ez duela jarraitu nahi. Erakundea behin betiko uzteko erabaki irmoa hartu du. Bere lagun minari azken mesedea eskatu dio: Herrialdetik atera eta urrutiko beste batera eramatea, bizitza berri bat eraikitzeko, biolentziatik at.
_______
Izkina baten, bibolin-jole bat dago. Betaurreko ilunak ditu. Nabari da hasiberria dela musikan. Halako batean, emakume gazte bat parean geratu zaio. Ezin du bere harridura disimulatu. Izan ere, tarteka afinatuta ateratzen diren noten jatorria nahastezina da: Stradivarius bat. Nolatan izan dezake kaleko musikari batek horrelakorik? Orduan bibolinjoleak jotzeari utzi eta betaurreko ilunak erantzi ditu. Neskatoari bere begi bakarrez bota dion begirada betiko iltzatu zaio bihotzean.
✳Loxosceles rufescens sikaridoen familiako armiarma bat da. Ziztada mingarria du eta hori dela-eta Europako armiarmik arriskutsuenetarikoa bera da. Bizkarrean bibolin baten antzeko marrazki bat du. Beste ezaugarrietako bat da, araknidoen ohiko zortzi begiren beharrean sei besterik ez dituela.
2026/04/04
Kakalardo marroiaren (Serica brunnea) Poulidor efektua
Poulidorrek ez zuen lortu lasterketa handirik irabaztea. Historiara pasatu zen ordea, hain justu horregatik; hainbatetan bigarren eta hirugarren postua lortu zuen txirrindularia izan zelako. Eta ordudanik, beti irabaztetik gertu egotea, baina garaipena inoiz lortzen ez denean poulidor efektua esaten zaio.
Bada horren antzera ibiltzen da gure argazkiko Serica brunnea espezieko kakalardoa.
Batetik, beti melolontidoen familiako erregea den Korroska (Melolontha melolontha) deritzon kakalardo handia eta ederrarekin lehiatu behar duelako. Jendeak askotan nahastu egiten ditu bi espezieak baina beti korroska edo erderazko “escarabajo sanjuanero” gailentzen direlarik. Bestetik, egokitu zaion izena ere ez da ezerren apartekoa: Kakalardo marroia. Hau da, sinpleenen artean sinpleena.
Poulidorrera itzuliz, esan beharra dago zaletuen artean oso estimatua zela. Izan ere, porrot guztien gaindi bera oso umore onez agertzen zen beti, eta bere garaiko izarrak ez bezala oso tipo hurbila eta atsegina zen.
Txirrindulari saiatua eta jatorraren antzera gure kakalardoa ere entomologo eta zomorrozaleen artean oso ongi ikusia dagoela iruditzen zait, eta pozik hartzen ditugu udaberriro izan ohi duen eklosio ugariak.
.jpg)







