Loxos sikario bat da. Bere bizitzan zehar hainbat lagun garbitu ditu inolako kupidarik gabe. Azken enkarguan ordea plana erabat okertu eta zauritu egin zuten larriki buruan. Normalena bertan odolustu eta hiltzea izango zen, baina ohi ez bezala, bere lagun minak salbatu egin zuen. Ezkutaleku sekretu batean denbora luze eman du. Begi bat galdu duen arren beste guztia bide onetik dihoala ematen du. Bestela ere, geldialdia oso ongi etorri zaio behingoatik bere bizimoduaz gogoeta egiteko. Argi dauka ez duela jarraitu nahi. Erakundea behin betiko uzteko erabaki irmoa hartu du. Bere lagun minari azken mesedea eskatu dio: Herrialdetik atera eta urrutiko beste batera eramatea, bizitza berri bat eraikitzeko, biolentziatik at.
_______
Izkina baten, bibolin-jole bat dago. Betaurreko ilunak ditu. Nabari da hasiberria dela musikan. Halako batean, emakume gazte bat parean geratu zaio. Ezin du bere harridura disimulatu. Izan ere, tarteka afinatuta ateratzen diren noten jatorria nahastezina da: Stradivarius bat. Nolatan izan dezake kaleko musikari batek horrelakorik? Orduan bibolinjoleak jotzeari utzi eta betaurreko ilunak erantzi ditu. Neskatoari bere begi bakarrez bota dion begirada betiko iltzatu zaio bihotzean.
✳Loxosceles rufescens sikaridoen familiako armiarma bat da. Ziztada mingarria du eta hori dela-eta Europako armiarmik arriskutsuenetarikoa bera da. Bizkarrean bibolin baten antzeko marrazki bat du. Beste ezaugarrietako bat da, araknidoen ohiko zortzi begiren beharrean sei besterik ez dituela.

No hay comentarios:
Publicar un comentario