Ikusi zutenean gizaki hura eta bere morroiak zertan, eta batez ere nolako harrokeri eta handinahikeriz aritzen ziren ez zitzaien bat ere gustatu. Horregatik feromona berezi bat zabaldu zuten besteei abisatzeko inoiz baino zuhurrago jokatzeko. Horrela beldarrak elikatzen ziren fruitarbolen goiko adarretara lekualdatu ziren, eta imagoek, berriz, gaueko ordu txikietara mugatu zuten euren aktibitatea, eta egunaren gainontzekoa izkutaleko iritsezinetan geldirik gordeta ematen zuten.
Horregatik Linneok eta bere laguntzaileek sailkatu eta izendatutako 4.400 animali espezien artean ez zen ageri Europako tximeletarik handiena eta ederrenetakoa. Klandestinitate horretan 50 urtetik gora eman eta gero, Denis eta Schiffermüller entomologo alemaniar bikote batek bere bizitzako aurkikuntza egin zuten, eta behingoagatik, zientziak gure tximeletaren berri izan zuen.
Sitsarendako ordea zorigaitza ekarri zuen, izan ere, egokitu zioten izena ez zuen inolaz ere bere merituak adierazten: Phalaena pyri, hau da, udareondoaren gaueko tximeleta, ez besterik. Kolpe handia izan zen. Erabat jota, depresio handi batean erori zen eta ia desagertzeko zorian egotera eraman zuen. Harik eta beste entomologo alemaniar batek (Schrank) tximeleta handi hauendako genero berri bat sortu zuen arte. Izenerako mitologiako Saturno ankerrarean baino gure eguzki-sistemako planeta ederrean inspiratu zen: Batetik, bere handitasunari, eta bestetik, bere eraztunak tximeletaren hegoetan ere agertzen diren borobil edo ozeloei erreparatzen zioten.
Orduan bai, gure tximeleta erabat konforme geratu zen, eta garai bateko indar eta gogoarekin ekin zion berriro bizitzari.
.jpg)
No hay comentarios:
Publicar un comentario