Apaiztxoak ez daki zer demontre gertatzen ari zaion. Apaiztegian emandako denborak oso luze jo du. Gustura egon da hala ere. Egunetik egunera bere fedea erabat zintzoa eta benetazkoa dela ziurtatu du, eta gogo biziz ekin dio prestakuntzari. Baina orain apaiz ordenatu eta sotana janztearekin batera beherakada etorri zaio tupustean. Eta okerrena, ez daki zergatik den. Horregatik, gaixorik dagoelaren aitzakiarekin bidaiatzeari ekin dio.
Orduan ezagutu du benetako bizitza: harremanak eta bere argi-ilunak. Eta orduan ezagutu du ere bere burua, eta ustekabe galanta harrapatu du emea dela jakitean.
Apaiztxoa ez zen inoiz agertu zegokion elizbarrutian. Urrutira aldegin zuen. Gaur egun, substantzia arriskutsuen kamioilaria da.
Berberomeloe majalis (gaztelaniaz: Curilla, aceitera…), ez badu ematen ere, koleoptero bat da. Emeak oso handiak dira eta sabelaldean milloika arraultza dituzte. Espezie honetan hipermetamorfosia ematen da, heldua izan baino lehen hainbat metamorfosi izaten dira. Xingola gorri edo laranjek bere toxikotasunaz abisatzen dute, izan ere kantaridina izeneko substantzia besikantea dauka defentsarako.

No hay comentarios:
Publicar un comentario