Bazen behin beldar batez maitemindu zen milazango bat. Beste milazangoek esaten zioten behin eta berriro erokeri galanta zela eta harremanak ez zeukala bat ere etorkizunik. Baina maitasuna itsua eta gorra izateaz gain egoskorra eta tematia ere badenez gure bikoteak eutsi egin zion maitasunari. Eta are gehiago, “Ohe berean lo egiten dutenak, izaera bera hartzen dutela” esaera zaharrari eutsiz gure bi maitaleak ere geroz eta antza gehiago hasi ziren hartzen. Eta horrela, milazangoak bere gorputza laburtzea eta loditzea lortu zuen. Milazango mozkote bat ematen zuen orain. Beldarra txora-txora eginda zegoen bikotekideak eskuratu berri zuen edertasunarekin. Asteak igaro ziren biak goxo-goxo, amets batean murgildurik. Baina egun batean, aurretik inolako abisurik egon gabe, beldarra adar batean zintzillikatu eta bere gorpuzkera zeharo aldatzen hasi zen, zorro itsusi batean bihurtu arte. Milazango gaixoa zur eta lur zegoen. Ezin zuen ulertu gertatutakoa. Tarteka zintzilikarioan dardar moduko bat somatzen zuenez, ez zen guztiz etsi. Inguruan geratzea erabaki zuen. Handik egun batzuetara zorroa apurtu eta poliki-poliki izaki arraro bat atera zen bertatik, antenak, begi handiak, gorputz iletsua eta sei hanka zituena. Baina ikusgarriena etortzear zegoen: pixkanaka-pixkanaka gainean zituen toles batzuk zabaltzen hasi ziren, eta zabaltzen jarraitu zuten lau hego ederretan bilakatu arte. Milazangoa erabat txundituta zegoen. Eta tximeleta bera, ere bai. Biek ulertu zuten: aurrekoa nahiko erokeria bazen jada, oraingo honetan harremanarekin jarraitzea ezinezkoa zen. Azken musua eman zioten elkarri. Tximeleta hegaldatu egin zen airean zegoen feromona-arrasto bati ezin eutsiz. Milazangoa bertan geratu zen, triste baina lasai. Izan ere, egun hauetan frogatu ahal izan duenez bere itxura berriarekin harrapariek kasu gutxiago egiten diote, ziur oraindik beldar batekin nahasten dutelako.



