Valeria jada nekatu da azalkeriaz. Orain arte berak eskatu duen guztia eta gehiago eman diote inolako zalantza eta trabarik gabe. Izan ere bere gurasoak Olinpoko jainkoak dira. Baina orain nerabezaroarekin bere gorputza aldatzen ari den bezala bere burua ere eraldatuz doa. Gauzekin, jostailuekin, era guztietako gailu elektronikoekin aspertu egin da. Drogekin ere hasi da, eta sexuarekin. Baina horiekin ere muga jo eta ez du lortu asebetetzea. Gurasoei ere egoerak gainezka egin die. Etsituta erabat Zeusi berari laguntza eskatzen diote. Orduan, Zeusek gazte parrandazale baten itxura hartu eta Valeria edaten eta dantzatzen ari den Pub-ean agertzen da. Valeria soineko berde ikusgarri bat jantzita pistako erregina da eta berarekin ligatu nahi duten gizon andan bat du inguruan. Zeus gazteak, majo kostata, baina azkenean lortu du berarengana hurbiltzea. Parez pare dantzan hasi dira biak. Zeus gero eta beroago dago, eta bere onetik irtenda musu ematen dio, Valeria ere animatuko delakoan erabat sinetsita. Baina emakumeak ematen dion zaplastekoa musikaren gainetik ere entzun ahal izan da. Zeusek mina du masailean, baina are gehiago bere urguiluan. Mendeku-grinaz itsuturik Valeria gaixoa sits eder batean bihurtu du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario