2026/03/14

Kolibri-esfingea, iluntasunaren beldur zen gaueko tximeleta


Gogoan dut txikitan “Iluntasunaren beldur zen hontza” izeneko liburu ederra irakurri nuela. Suposatzen dut horrelako zeozer gertatuko zitzaiola atzo lehioko iazintoetara etorri zitzaigun bisitariari. Esfingeen familiakoa da. Esfingea jatorriz emakume-burua eta lehoi-gorputza duen greziar mitologiako pertsonaia gaiztoa eta zitala da. Egiptoarrek sexua aldatu zioten, eta horren adibide, hain famatua den Gizako esfingea dugu. Familia honetako beldarrak oso handiak dira eta atzealdean arantza edo adar moduko apendize bat dute. Atsedenean daudenean burua hondoratu eta aurrealdea altxatzen dute esfingeen antzera-edo. Nik egia esan, ez dut oso garbi ikusten, baina tira. 

Esfingido guztiek ez diote utzi gautiarrak izateari. Are gehiago, honatx gure tximeleta beldurtiak oraindik gauekoa zelarik bere bizitza-aldaketa eskatzera “eboluzioarengana” joan zenean izandako elakarrizketa:


- Baina nola okurritu zaizu horrelako bidegabekeririk!! Eta zertaz elikatuko zara, jakin badaiteke?

- Bada polenaz, eguneko tximeletak bezala.

- Baina ez zara konturatzen zuek gauekoak askoz astunagoak zaretela eta lore gehien-gehienek ez diotela zure pisuari eutsiko??

- Bai badakit. Horretan ere pentsatu dut. Zuk utzidazu aldaketa txiki batzuk egiten eta ikusiko duzu.

- Aldaketa txiki batzuk?? Ai ama, zelako beldurra …

- Lasai, ikusiko duzu ez dela hainbesterako. Nire plana airetik elikatzea da, hau da, lorean pausatu gabe. Horretarako tamaina zertxobait txikitzea, hegoetako giharrak are gehiago sendotzea eta proboszidea, hau bai, dexente luzatzearekin nahikoa izango dudala uste dut.

- Tira, hori besterik ez bada, ados. Baina hori bai, aukera bakarra izango duzu eta bideragarria ez bada, ez dizut berriro lagunduko eta betiko iraungiko zara.


Eta funtzionatu zuen. Linneok “Mingain handia” (Macroglossum) izenaz bataiatu zuen. Izen arruntarako ordea, bere hegaldia bizian erreparatutako kolibri esfingea gailendu zen, eta horrekin ez zen oso konforme geratu. Izan ere,  gure tximeletaren aburuz kolibriak agertu zirenerako beraiek lore pila-pila bat polinizatuta zuten dagoeneko eta helegite bat eta guzti aurkeztu zuen izen bikoitza kolibriari egokitzeko ... baina hori beste ipuintxo bat da.


No hay comentarios:

Publicar un comentario