Zomorro: Hainbat ornogaberi ematen zaion izena. Animalien %95a (esaterako, milloitik gora artropodo espezie daude, ornodunak berriz, 47.000 espezie inguru besterik ez)
2026/05/23
Oedemera nobilis, "Popeye" kakalardoa
2026/05/21
Centrotus cornutus "deabrutxoaren" aldaketa
2026/05/15
Cerambyx scopolii Kaprikornio txikiaren dilema
Zer dira nireak?
antenak ala adarrak?
Bigarrenak badira
martzianoak eta gu bakarrak
Zer dira nireak?
adarrak ala antenak?
Argi legoke bagina
oreina ala zezena
Zer dira gureak?
antenak ala adarrak?
Lehenengoak modernoak
bigarrenak berriz zaharrak
Zer dira nireak?
adarrak ala antenak?
Bigarrena oraingoan
funtzioa izanik usaimena
Zer dira gureak?
antenak ala adarrak?
estikokoki akaso
aurrena pixkat zatarra
Zer dira nireak?
adarrak ala antenak?
Ai ama zelako zalantza
hobe ahaztea hau dena
2026/05/14
Camponotus cruentatus Europako inurri erraldoia
E, e , Erraldoi
2026/05/09
Messor inurriaren beste balentria bat
Ez bilatu, ez. Oraingoan ez dago zomorrorik. Argazkiko egitura Afrikako dokumentaletan sarritan agertzen diren termitategi ikusgarri horien antza dauka, baina ez, ez da hori. Hamar zentimetro inguru besterik ez ditu-eta. Korrika eta presaka nihoanez argazkia atera nuen, eta, gero etxean "Google" jakintsuari galdetu nion. Erantzuna zur eta lur utzi ninduen. Batetik egilea ezaguna nuelako. Duela gutxi blog honetan sarreratxo bat egin nion eta guzti, Messor izeneko inurriari dagokiona. Eta bestetik, oraindik harrigarriagoa dena, aireztapen-tximinia edo zutabe bat da. Flipantea!!. Inurrien indarra eta ahalmena zernolakoa den jakin banekien noski, baina inurritxo baten garun mikroskopikoak inurritegia aireztatzeko horrelako azpiegitura bat diseinatzea ikaragarria iruditzen zait.
Hori ikusita, gure garunaren ehuneko txiki bat besterik ez dugula erabiltzen dioten hori agian ez da horren tontakeria izango.
2026/05/06
Trichodes alveariusen mimetismo batesiarra edo beti gezurretan ibili beharraren estresa
Trichodes kakalardoak buztangorria berarengana hurbiltzen ikusi du eta, mokokatua izan baino
lehen oihu egin dio bere indar guztiarekin.
- Baina, erotu egin al zara, ala?
Txori gosetiak guztiz harriturik erasoa geratu du badaezpada ere.
- Baina zuk ez duzu ongi ikusten, ala?- Jarraitu du hasierako haserre-tonuari eutsiz.
- Zer ikusi behar dut bada?
- Aiba laletxe!! Ba nire koloreak!!!
- Gorria eta urdina??
- Bai, horiek berak. Eta zer iruditzen zaizkizu koloreok?
- Oso politak dira. Gustuko ditut.
- Ados, milesker. Baina pentsatu pixkat, faborez. Zergatik uste duzu horrelako kolore deigarriak janzten ditudala?
- Mmmmm … Oso pertxenta zarelako?? Ez da nire kasua, baina txorien artean ere badira batzuk asko apaintzen direnak.
- Bada nirea ezta ere.
- Orduan? Barkatu, baina ez zait okurritzen.
- Orduan hau da daukagun modua zuoi, intsektujaleoi, pozoitsuak garela abisatzeko, eta kasurik egin ezean eta janez gero, gutxienez astebeteko tripako mina bermatzen dizut.
- Eta gehienez?
- Litekeena da zureak egitea.
- Joño, broma gutxi, gero.
- Hala da, bai.
- Eta nola dakit nik benetan ari zaren ala ez ote zaren gezurretan, handituskelkerietan?
- Galdera ona. Baina zuk uste duzu milaka eta milaka urteko eboluzioa eta arrakasta handitustelkeriz aritzeko moduan dela.
Azken argudio horrek gure hegazti gaztea pentsakor utzi du. Azkenean zuhurki jokatzea erabaki du.
Galdutako denboraz gogaiturik agur esan gabe alde egin du.
Gure kakalardoak, berriz, minutu pare bat behar izan ditu sustoaz berreskuratzeko eta
gero hasperen luze bat egin du.
Hori bai, are eta argiago dauka, zernolako txoriburu-belaunaldia datorren ikusita,
batesiar mimetismoarendako garai txarrak datozela eta mimetismo arruntarekin
konformatu izan balitz agian lasaiago biziko zela.
