2026/06/12

Icius hamatus armiarma jauzilari txikitxoaren "zazpi jauziak"



 


Zazpi jauzi

Armiarma txiki bat
ari da jauzika
eltxoa libratu da
juxtu txiripaz
armiarmak ez du etsi
ta hasi da segika
hauxe dugu hauxe
gure ikamika 
bat
bi
hiru
lau
bost
sei
zazpi

2026/06/10

Trichius gallicus, tantoak gustuko dituen kakalardo iletsua

 Trichius gallicus zetoninoa ez dago bat ere ados Eboluzioak  proposatzen dion diseinu batesiarrarekin.

- Horrela ez dut nahi.
- Aber "gizona", zergatik ez dituzu marrarik nahi?  Eraginkorrenak dira, egon ziur.
- Ezetz eta ezetz. Dagoeneko badira hainbat kakalardo diseinu horrekin, eta nik espezie bezala bereiztea nahi dut. Gainera hainbeste izanda azkenean predatzaileak gure gezurraz konturatuko dira gero.
- Bada orduan, hor dituzu puntuak.
- Maringorringoekin nahastuko gaituzte eta arazoa bera izaten jarraituko dugu. Eta zuk zer arazo duzu tantoekin?
- Nik arazoak tantoekin? Bai zera. Baina horrelako tanto deigarriak horrelako gorputz sendo eta iletsuan ... ez zait bidezkoa iruditzen, benetan diotsut.
- Hara, hara, hara. Ez esan zuk ere bai aurreiritzi homofoboak dituzula.
- Homofoboa ni? Eboluzioak aurreritzi homofoboak dituela??... Badakizu zer? niri bost axola zait zure diseinua. Zure ibilbide ebolutiboa porrot hutsa izatea nahi baduzu, aurrera. Baina niri ez etorri gero helegiteekin, betiko iraungi egingo zara, eta punto!!

2026/06/06

Micrelytra fossularum zimitza bitxiaren bertsoak


 

Gorputz luzea deritzat

hegoak ditut murritzak

Landare-izerdia xurgatzea dut

nik ezaugarritzat

kontaukotzuet bizitza

fama txarra dut desditxa

ohiko banpiro batzuek ere

dira-eta zimitzak



Enborra dut berezia

Marra beltzez ta horiaz

hankak handi ederrak eta 

naiz ipurtandia

antenak ere bitxiak

ematen dute kabliak

Norbait nirekin topatuz gero

Extraterrestria

2026/06/03

Krisomelido laranjaren (Exosoma lusitanicum) bataio ustekabea


Hasiera gehienetan bezala, ilusioz betea dago. Linneo espezieen izendapen zientifikoarekin hasi zenean kakalardoen taldea albo batera utzi zuen. Oso erabaki logikoa eta ulergarria, noski. Izan ere, koleopteroena da askogatik bizidun-talderik handiena eta konplexuena. Horregatik, ia 50 urte geroago, Martin Jacoby entomologo alemaniarra krisomelidoak sailkatu eta izendatzera ausartu denean, lan eskerga dago oraindik egin gabe. 

Erronka-zalea ere bada. Nola bestela bibolinjole  bikaina izatera iritsi da bada. Dagoeneko 200 espezietik gora "bataiatu" ditu izen zientifiko batekin, baina azkenaldian txakalaldi batean sartu da, eta zailtasun handiak ditu bere asmo handiko proiektua aurrera ateratzeko. Batez ere izena aukeratzeko garaian, apur bat gogaikarria egiten ari zaio. Eta hori gutxi balitz, orkestran jotzeko kontratatu berri dute.

Horregatik, azkenaldi honetan, buruhauste handirik gabe aurrera egitea erabaki du. Azken batean izen bat besterik ez da, eta ez  du zertan bere ezaugarri bati egokitu behar. Baldintza bakarra da hizkuntza klasikoetakoa izan behar dela. Zitologiako liburu bat hartu du, eta bertan hainbat izen agertu zaizkio gehienak oso aproposak bere intereserako. Esaterako, mitokondrioa oso esanguratsua denez baztertu egin du, baina endosoma? ... edo oraindik hobeto: exosoma??  

Jacobyk argi dauka: krisomelido laranja Exosoma izango da.


 

2026/06/01

Merrifeldia leucodactyla, luma-tximeleta ludopataren azken aukera

Merrifeldek oraingoan lurra jo du. Erabat etsita dago. Azken partidan ezkterreko hegoaren zati nabarmen bat galdu du. Apustu segurua zuen: Errege eta zaldien dupleak. Arerioak laugarren erregea erakutsi zionean kolpe itzela jaso zuen.


Aspaldi-aspalditik ludopata izaki, hainbat eta hainbatetan saiatu bada jokua uzten, beste hainbestetan aurkitu du aitzaki bat itzultzeko. Azken porrot honekin, ordea, oso kinka larrian geratu da. Ezker-hegoan apenas bi milimetroko zabalera duen luzera besterik ez dauka, eta eskuinekoan zertxobait gehiago bai, baina antzeko.


Horrela, jada ezin du fundametuzko hegaldirik egin. Zulo beltz baten sakonean murgilduta eman ditu hiruzpalau egun, burua altxa ezinik. Baina azkenean bizitza gailendu da. Ez du  behin betiko desagertu nahi. Eboluzioarengana jo du. Eta horrek, inolako itzulingururik eta kupidarik gabe aurpegiratu dio bere itxura tamalgarria eta azken-azken aukera duela zin egin dio. Azkena ezik beste guztiak agortu ditu dagoeneko.


Merrifeldek umilki jaso du eboluzioaren errieta kupidagabea eta aitzakirik gabe onartu ere proposatu dion txoko ekologiko berria: Hemendik aurrera makiltxo edo belar batekin mimetizaturik eta hegaldi laburrak egiten bizi beharko du.