Merrifeldek oraingoan lurra jo du. Erabat etsita dago. Azken partidan ezkterreko hegoaren zati nabarmen bat galdu du. Apustu segurua zuen: Errege eta zaldien dupleak. Arerioak laugarren erregea erakutsi zionean kolpe itzela jaso zuen.
Aspaldi-aspalditik ludopata izaki, hainbat eta hainbatetan saiatu bada jokua uzten, beste hainbestetan aurkitu du aitzaki bat itzultzeko. Azken porrot honekin, ordea, oso kinka larrian geratu da. Ezker-hegoan apenas bi milimetroko zabalera duen luzera besterik ez dauka, eta eskuinekoan zertxobait gehiago bai, baina antzeko.
Horrela, jada ezin du fundametuzko hegaldirik egin. Zulo beltz baten sakonean murgilduta eman ditu hiruzpalau egun, burua altxa ezinik. Baina azkenean bizitza gailendu da. Ez du behin betiko desagertu nahi. Eboluzioarengana jo du. Eta horrek, inolako itzulingururik eta kupidarik gabe aurpegiratu dio bere itxura tamalgarria eta azken-azken aukera duela zin egin dio. Azkena ezik beste guztiak agortu ditu dagoeneko.
Merrifeldek umilki jaso du eboluzioaren errieta kupidagabea eta aitzakirik gabe onartu ere proposatu dion txoko ekologiko berria: Hemendik aurrera makiltxo edo belar batekin mimetizaturik eta hegaldi laburrak egiten bizi beharko du.

No hay comentarios:
Publicar un comentario