2025/10/30

Sits-pirataren beldar ederra bezain handia (edo handia bezain ederra)

Lehengo asteburuan Baztan aldera txangoa egin genuen. Paisai ederraz gozatzeaz gain beldar eder horrekin gurutzatu ginen. Beldar handia tximeleta handia, noski, eta, handia izatekotan blog honetan sarrera bat duen sits-pirata (Atropos hyprenthus). Bistan da hau ere, kolore hori horrekin aposematismoa erabiltzen duela bere defentsarako. Esfingidoen familiakoa da. Esfingeak antzinako Egipton lehoi hegodun baten gorputza eta gizaki baten burua duen animali mitologikoa da. Gerora, greziarrek ere inkorporatu zuten euren mitologiara. Gure beldarraren imagoa tximeleta puska bat da eta nahiko iletsua ere. Ezaugarri horiekin badirudi Linneori esfingeak gogorarazi zizkiotela.

2025/10/25

Carabus splendens, kakalardo distiratsua

Betidanik arraroa egin zait, zer dela eta gazteleraz urubiek eta kakalardo eder hauek partekatu behar zuten beren izena. Izan ere ez dute zerikusirik bata bestearekin. Interneten ikertu ahal izan dudanez, kointzidientzia hutsa da. Hori bai, izen klasikoa, grekeratik datorren kakalardoena da. Urubiaren gaztelaniazko izenaren jatorria ezezaguna da, antza denez. Bestela, baditu beste hainbat bitxikeri. Hasteko, kakalardoen talde amaiezinean dagokien adephaga azpiordena. Eta zer esan nahi du adefagoa? bada, jatuna. Hau da, gure karaboak "kakalardo tripontzien" taldekoak dira. Antza denez gure karaboa barraskiloz, zizarez eta bareez leporaino betetzen da. Bestalde, elitroek bat eginda daude eta hegan egiteko gaitasuna galdu du, ordainean hanka luze eta indartsuak ditu, eta korrika egiten azkarra da oso. Bukatzeko, aposematismoa aipatu behar da. Izan ere, bere nabarmendu nahia oso nabaria da, alegia, harrosko bat da. Eta hori da, hain zuzen ere, bizirauteko hautatu duen estrategia, aldez aurretik abisatzea askoz hobeto jaten ez banauzu, bestela zure tripek larrutik ordainduko dute. Erderaz esaten den bezala: "El que avisa no es traidor"

2025/10/01

Orthosia cerasi edo Kuakero-tximeleta

Atzo tximeleta hau topatu nuen etxean eskegita zegoen beroki batean. Argi dago noktuido bat dela, eta gerora egin dudan araketaren arabera litekeena Orthosia cerasi izeneko bat izatea, baina oraingo honetan ez nago erabat ziur. Jakin dudanez, gehienbat udaberrian hegaldatzen bada ere, zenbaitetan bigarren belaunaldi bat ere egon daiteke udazkenaren hasieran. Beldarra fruita-arboletan elikatzen da. Linneoren ikasle nabarmena izan zen Johan Cristian Fabricius entomologo daniarrak eman zion izen zientifikoa. Eta sits honi ere ingelesek izen bitxia jarri diote; kuakeroa, alegia. Kuakeroena elizaren zisma bat da. Beraien ustez eliza militantzia moduko bat da, eta guztiek saiatu beharra daukate fedea lantzen eta zabaltzen, eta horregatik, hain zuzen, ez dute apaizen beharrik. Eta nolatan egokitu diote horrelakorik gure Orthosiari? Bada egia esan, ez daukat ideia izpirik ere. Okurritzen zaidan gauza bakarra, gure tximeleta hau hain dela diskretoa, eta agian garai bateko kuakeroak ere horrelako kolore apalekin jantziko zirela. Edozein modutan zeinek esango zidan niri insektuen kontura, entomologiaz gain, beste hainbeste gauza jorratuko nituenik.