2026/04/04

Kakalardo marroiaren (Serica brunnea) Poulidor efektua



Poulidorrek ez zuen lortu lasterketa handirik irabaztea. Historiara pasatu zen ordea, hain justu horregatik; hainbatetan bigarren eta hirugarren postua lortu zuen  txirrindularia izan zelako. Eta ordudanik, beti irabaztetik gertu egotea, baina garaipena inoiz lortzen ez denean  poulidor efektua esaten zaio. 

Bada horren antzera ibiltzen da gure argazkiko Serica brunnea espezieko kakalardoa.

Batetik, beti melolontidoen familiako erregea den Korroska (Melolontha melolontha) deritzon kakalardo handia eta ederrarekin lehiatu behar duelako. Jendeak askotan nahastu egiten ditu bi espezieak baina beti korroska edo erderazko “escarabajo sanjuanero” gailentzen direlarik. Bestetik, egokitu zaion izena ere ez da ezerren apartekoa: Kakalardo marroia. Hau da, sinpleenen artean sinpleena.

Poulidorrera itzuliz, esan beharra dago zaletuen artean oso estimatua zela. Izan ere, porrot guztien gaindi bera oso umore onez agertzen zen beti, eta bere garaiko izarrak ez bezala oso tipo hurbila eta atsegina zen. 

Txirrindulari saiatua eta jatorraren antzera gure kakalardoa ere entomologo eta zomorrozaleen artean oso ongi ikusia dagoela iruditzen zait, eta pozik hartzen ditugu udaberriro izan ohi duen eklosio ugariak.









No hay comentarios:

Publicar un comentario